Alvia trenak Altsasun gelditzeko gestioak egiteko eskatu du Parlamentuak

Guaixe 2009ko maiatzaren 20a

Asteartean egindako bilkuran Nafarroako Parlamentuko Herri lan, Garraio eta Komunikazio batzordeak bilera izan zuen. Ezker Batuak mozioa aurkeztu zuen Madrilera eta Bartzelonara doazen Alvia trenak Altsasun geldialdia egiteko, "norabide bakoitzeko bat gutxienez". Batzordeak aho batez onartu zuen mozioa. Beraz, Nafarroako Gobernuak Espainiakoarekin harremanetan jarri beharko du Alvia trenak Altsasun geldialdia egiteko modua aztertzeko.Ezker Batuak eskaera argudiatu zuen esanez, "gutxien kutsatzen duten garraiobideak erabiltzearen alde" egin behar dela. Horrekin batera, "lurraldea egituratu eta herritarrei zerbitzu egokia eman" beharra nabarmendu zuten. UPN alde agertu zen, baina zehaztu zuen Bartzelonara doan Migel de Unamuno trenak dagoeneko geldialdia egiten duela. NaBaik Altsasuren lotura gune izaera mantentzearen alde egin zuen eta gogora ekarri zuen Sakanaz gain, Lautada eta Goierriri zerbitzua ematen diola. PSNk, azkenik, Nafarroako Gobernuaren aurrekontuan Administración de Infraestructuras Ferroviariasekin (ADIF) hitzarmenak egiteko diru-saila aipatu zuen, izan litekeen diru konpentsazioagatik.