Grebak jarraipen "garrantzitsua" izan du

Guaixe 2009ko maiatzaren 21a

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek gaurko greba orokorrerako deia egin dute. Sindikatu deitzaileek eguerdian esan digutenez, "Sakanan markatutako helburuak bete dira eta greba orokorrak jarraipen handia izan du". ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek aurretik adierazi zutenez gaurko greba orokorrean "patronalaren xantaiari eta gure eskualdean gertatzen ari den enplegu suntsiketari aurre egiteko aukera dugu". Bi sindikalistek nabarmendu zutenez, "Sakana alerta gorrian dago eta industria basamortua bihurtzeko arriskua dago. Enplegua suntsitzen ari den egoera batean gaude". Protesta jardunaldiak jarraipen "garrantzitsua" izan duela esan digute deitzaileek eguerdia aurretik, baina oraindik ere datu zehatzik ez zuten bildurik. Hori bai, aurreratu dute Etxarri Aranatzen eta Altsasun merkataritza gehiena itxita zegoela eta industrialdeak "ia hutsik" zeudela. Irakaskuntzari dagokionez, ikastetxe publiko txikietan jarraipena oso handia izan da baita tamaina handiagokoetan ere. Horietan guztietan zerbitzu minimoak izan dira. Ibarreko bi ikastolek ere ateak itxi dituzte. Erredakzioko kideok ikusi dugunez, Sakanako industrialdeetan ohikoan baino askoz ere auto gutxiago zegoen. Aparkatzeko arazoak izaten dituzten batzuetan erraza zen aparkatzea. Greba deialdiak eta aurretik onartuak dauden enplegu erregulazio espedienteak eragina izan dute industrialdeetako mugimenduan. Tailer batzuetan jarduera bazegoen ere, gutxienak ziren. Industria jarduera gutxi edo ezeren pare zen Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranaz, Altsasu edo Olatzagutiako industrialdeetan. Goiz-goizetik informazio piketeak industrialde batetik bestera ibili dira informazioa banatzen. Gertutik zaindu ditu Foruzaingoak, Altsasuren kasuan. Guardia Civilaren joan-etorriak ere nabariak izan dira. Iritziak Goizean Altsasun egindako manifestazioaren ondoren, Gaizka Uharte Sakanako LABeko arduradunak azpimarratu du grebaren "helburuetako batzuk lortu" direla: "haien lantegietan borrokan dauden langileei oxigenoa ematea; enpleguaren defentsa egitea; Euskal Herrian bertan politika sozialak erabakitzea edo benetako aldaketa soziala eskatzea".ELAko Gorka Viergek, bestalde, zera azpimarratu du "gaurkoa egun berezia da eta egoerari dagokion erantzuna eman diogu". ELAko ordezkariak esan zuenez, "urte eta erdi daramate esaten guztiok barku berean goazela eta aurrera ateratzeko batera jo behar dugula. Azken 15 urtetan, forratu direnean, egin duten bakarra gure lan eskubideak murriztea izan da, malgutasuna ezarri dute eta erraz kaleratzeko lan erreformak egin dituzte". Gorkak esan zuenez, "langileok ez goaz gobernuaren eta patronalaren barku berean. Ezetz diogu! Xantaiaz nahikoa da. Lan baldintzak okertuko dituen lan erreforma batekin ez gaituzte engainatuko". LABeko eledunak esan duenez, "gaurkoa inflexio puntu bat da. Gaurko egunetik langileak indartuta aterako dira eta hemendik aurrera borrokarako 2. fase bat izanen da. Benetako aldaketak exijitzeko. Aurrerantzean hori izanen da guztion betebeharra". LABeko ordezkariarendako aldaketa "beharrezkoa da. Nabari da. Euskal Herrian gehiengo sozial bat kalera atera gara". Aldaketa bilatzeko "denok borrokara" deitu zituen LABeko kideak. Bestalde, ELAko Sakanako arduradun Gorka Viergek langileei zuzenduz esan du: "ez du balio etsitzea eta alternatibarik ez dagoela esatea. Hemen lortu dena borroka eta antolakuntzaren bidez lortu da. Azken finean, errespetatuak izan behar dugu. Hori da bidea". ManifestazioakLangileok eredu ekonomiko sozial justuaren alde borrokan. Patronalaren xantaiaren kontra. Lelo hori zuten gaur goizean Etxarri Aranatzen eta Altsasun egin diren manifestazioak zabaltzen zituzten pankartak. Etxarri Aranatzen 200 pertsona inguru manifestatu dira, Altsasun, berriz, 500 bat. Bi mobilizazioak Guardia Civilaren eta Foruzaingoaren zaintzapean egin dira.Altsasuko manifestazioan hasierako pankartaz gain, zenbait langileek haien enpresaren egoeraren berri emanez salaketa pankartak eramaten zituzten. Recindsa ez itxi edo produkzio lapurreta stop leloak zituzten enpresa horretako langileek. Bestetik, Conhersa enpresako langileen pankartan 17 kaleratzeei stop. Haien krisia beraiek ordain dezatela. Azkenik, Gamesa IT enpresako langileek lan hitzarmenaren aldeko aldarrikapena zabaldu zuten. Manifestazioaren bukaeran, elkartasun moduan txalo zaparrada jaso dute Recindsa eta Conhersako langileek. Altsasun manifestariak bidean zabalik opatu dituzten dendetan sartu eta grebaren arrazoiak azaltzen dituen informazio esku orriak banatu dituzte. Bestalde, honako leloak oihukatu zituzten langileek: 21ean greba orokorra; krisia kapitalisten ordain dezatela; jo ta ke, irabazi arte; gezur gutxiago, informazio gehiago; foral gutxiago, gizarte politika gehiago eta beste. Goizeko ibarreko manifestazioen ondoren sakandar ugarik Iruñerako bidea hartu dute eguerdirako herrialde mailako manifestazioa deituta zegoelako. Altsasun, berriz, 18:00etan hainbat eragilek deituta manifestazioa deituta dago, Euskal Herria eredu ekonomiko eta sozial justuaren alde borrokan lelopean. Bi kasuGreba orokorraren egunean, Conhersa eta Recindsa enpresetako langileen egoerak islatu du ezer baino hobeki mobilizazioaren deitzaileek islatu nahi zutena. Conhersa Enpresako langile guztiei (17) eragiten dien kontratuak eteteko enplegu erregulazio espedientea (EEE) aurkeztu zuen zuzendaritzak ostiralean. Orain aldeak negoziatzeko 15 egun dituzte, baina langileek esan dutenez, enpresak "ez du jarrera positiborik. Urteko 20 egun eskaini dizkigute, baina ez ditugu onartu. Enpresak, bestetik, aurre jubilaziorik ere ez du onartu". Langileek azaldu digutenez, Sunsundeguirendako lan egiten zuten, "baina lanik ez dago eta guztiok kalera bota nahi gaituzte". Azaldu dutenez, ilbeltzean zuzendaritzak EEE aurkeztu zuen, baina atzera bota omen zuten. Langileak gaurkoan enpresaren aurrean kontzentratu dira eta goizeko manifestazioan ere parte hartu dute. CCOOko kide bat da langileen ordezkaria. RecindsaAutomobilgintzako piezei erdoilaren kontrako tratamendua ematen dute Altsasuko enpresan. Langile gehienak emakumeak dira. Abenduaz geroztik 69 langileri eragiten dien enplegu erregulazio espedientea dago indarrean eta otsailaz geroztik konkurtso legea dago. Langileek aipatu dutenez soldaten ordainketetan ere atzerapenak izan dituzte. Gaurkoan lantegiaren aurrean kontzentratu dira eta gero Altsasun egin den manifestazioan parte hartu dute. Langileek esan digutenez, "enpresa ixtear da eta produkzioa Durangora eramanen dute. Deslokalizazio bat da". Langileek diotenez, Bizkaiko lantegiko enpresa batzordearen bidez izan dute horren berri, "zuzendaritzak ez duelako informaziorik ematen". Enpresa kudeatzen duen administratzaileak ere informaziorik ez diela ematen salatu dute langileek. Azaldu digutenez, administratzaileek astelehenean epaileei txostena aurkeztuko diete eta haiek aztertuko du enpresa itxi edo bideragarria den. Langileek esan digutenez, "konponbiderik ez badago astelehenetik aurrera grebari ekingo diogu". ELAko eta LABeko bina ordezkari eta UGTko batek osatzen dute enpresa batzordea.