Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakandarren Egunaren ekitaldi nagusian Dora Salazar eta Ramon Arratibel, Rayo, omendu zituzten. Ekitaldia plazako kioskoan izan zen. Omenduak hara igo behar zirenean alde bietan zeuden erraldoiak errespetuz makurtu egin ziren. Dora Salazarren Urteko Sakandarraren saria jaso zuen. Miren Ustarrozen eskultura eskuetan zuela Dorak esan zuen "omenaldia sorpresa izan da eta ilusio handia egin dit. Polita da maitatua sentitzea, eta gehiago etxean". Dora Donostian bizi bada ere maiz izaten da Altsasun, "familia hemen baitago". Lotura, ez da horretara mugatzen, aurki Nafarroa Oinezekin batera prestatu duen liburua aurkeztuko du, "ikastola hartzen dituen 14 herrien argazkiekin egindako collageekin eta hainbat idazleren testuez" osatua dagoela aurreratu zuen. Ramon Arratibel, Rayok, bestalde, Urrezko Aitzurra saria jaso zuen. Lixarrengotarrak esker oneko hitzak izan zituen lehen lehenik. Azaldu zuenez, "egindako lan guztiak hemen daude" Gogora ekarri zuen ikastolen festetan dirua ateratzeko ibilitako 5.000 km-ak edota AEKrendako egindako 500ak eta "beste gauza asko eta asko". Hainbat kontutan ibilitakoa da Ramon eta poztasun handiena zein ekarri dion galdetuta esan zigun: "bakoitzak berea du. Baina poz handiena Beriainera 10-15 haurrekin igo eta denak euskaraz entzutea. Hura poza! Zeren, euskarari ez badiogu aurrerabiderik ematen ez dugu ezer egiten. Gazteei ere zuzendu zitzaien lixarrengotarra eta Baztandarren Biltzarraren eredua hartzeko proposatu zien: "talde batek gurdia egin dezala eta gero atzetik besteak joateko. Milaka jende biltzen da. Nik uste hori egin behar dela". Bien omenez aurreskua dantzatu zen. Horretaz gain, Olatzagutiako gazte talde batek herriko zortzikoa dantzatu zuen, txarangaren doinuak gidari zituztela. EgunaSuziriak eta dianekin hasi zen sakandarrak biltzeko asmoz antolatzen den ospakizuna. Olaztiko plazan bildutakoek herri kirol erakustaldiarekin gozatzeko aukera izan zuten. Jendetza ere bildu zuen Olatzagutiako buruhandi eta erraldoien konpartsak herrian barna egindako ibilbidean. Haiek bukatzean, Eneko Lazkoz, Oier Lakuntza eta Joseba Beltza bertsolarien saioa izan zen plazan. Sukaldari irintar eta iturmendiarrek prestatutako jakiak dastatu zituzten 70 pertsonak. Mahaian zeuden bitartean zerua ilundu egin zen, baina umorerik ez zuten galdu bildu ziren guztiak. Mustutzen Elkarteko kideak aurreikuspen okerrenen beldur zirelako arratsaldeko ekitaldi guztiak estalpean egitea erabaki zuten. Hala, kale ikuskizuna pilotalekuan izan zen eta kontzertua gaztetxean izan zen. Azken horretan giro paregabea izan zen. Mustutzen elkarteak aurreratu duenez, heldu den urtean Aranatz aldean izanen da Sakandarren festa. Lizarraga edo Etxarri Aranatz izan daiteke festa-gunea.