Kazkabar-erauntsiak sortutako kalteengatik laguntzak lortzen saiatuko dira udalak

Guaixe 2009ko maiatzaren 26a

Arakilgo hainbat herritan eta Irurtzunen kalteak sortu zituen kazkabarrak igande arratsaldean. Kalteen tamaina ikusirik, Arakilgo eta Irurtzungo Udalak mugitzen hasi dira Nafarroako Gobernuarengandik hondamendi-gune izendapena edo bestelako laguntzak lortu ahal izateko. Bi udalen arteko harremanak izan dira. Bestalde, Arakilgo Udalak, bando bidez, bere ondasunetan kalteren bat izan duten herritarrei eskatu die haiek islatzen duten agiri edota argazkiak udaletxera eramateko. Bulego ordutegian egin daiteke hori edota arakil@infolocal.org helbidera joz. Arakilgo Udalak kaltetuen informazioa jaso nahi du eta gero horrekin Nafarroako Gobernuarengana jo. IrurtzunOharra zabaldu du herriko etxe guztietan Irurtzungo Udalak. Irurtzundarrei udalak jakinarazi die herria "hondamendi-gune deklaratzea eskatuko diola Nafarroako Gobernuari". Bestalde, Irurtzungo Udalak zenbait aholku eman dizkie herritarrei. Batetik, "presako konponketak egin behar izanez gero, komenigarria da jasandako kalteen argazkiak ateratzea eta konponketak egiten dituen tailer edo profesionalari kalteen aurrekontua eta txostena eskatzea". Horrekin batera, Irurtzungo Udalak Iratxe Kontsumitzaileen Elkarteak prestatutako idazki bat banatu du herritarren arten. Aseguru etxeei bidaltzeko prestatutako eredu bat da idatzi hori. Udalak aholku hau eman du: "kalteak jaso eta hurrengo 7 egunetan aseguru etxera idatzia egoki osatuta bidali".  Udaletik irurtzundarrei gomendatu diete kasu guztietan bidaltzea idatzia, "baita aseguruak kalteak bere gain hartzen ez dituela esaten duenean ere". Txiki Iriarte alkateak esan digunez, "aseguru etxeek idatziz erantzun beharra dute. Pentsatzen dugu autoetako txapako kalte gehienak, faroak edo etxe batzuetan sortutako kalteak ez dituztela ordainduko. Ezetz erantzuten duten gutun horiek bilduko genituzke gero Nafarroako Gobernuaren aurrean indar egiteko". Alkateak prozesua luze joko duela aurreratu du. Lanez gainezka    Talleres Goñiko Garikoitz Goñik esan digunez, "lan asko dago. Tailerra beteta dugu eta aldameneko pablilioi batean beste 15 bat auto sartu ditugu. Dagoeneko 40 beira eskatu ditugu eta gaur auto gehiago etorriko dira. Batzuk lanerako behar dute eta azkar konpontzea behar dute, beste batzuk ez". Garikoitzek esan digunez, autoen beirekin batera faroak, pilotuak eta ispiluak hautsi zituen kazkabarrak. Kalean zeuden ibilgailuen txapa erabat hondaturik gelditu zen. Aseguru mota adina kasu opatu dituzte konponketa tailerretan. Beira asegurua dutenen kasuan perituek hura ikusi beharra dute eta horrek lana pìxka bat moteldu die.