Nafarroako Tokiko aldizkarien I. Jardunaldia Iruñean

Guaixe 2009ko maiatzaren 28a

Nafarpresek, Iruña Prentsa Elkarteak eta Nafarroako Gobernuak antolatuta, Nafarroako Artxibategian burutu zen jardunaldia asteartean. Alberto Catalan, Nafarroako Gobernuaren eledunaren mintzaldiak eman zion hasiera ekitaldiari eta tokiko prentsak "herritarrekiko duen gertutasuna" goraipatu zuen. Nafarroako Gobernuak, lehen aldiz, tokiko prentsaren inguruko irakurketa datuak eman zituen ezagutzera. CIES enpresak egindako azterketa horren arabera tokiko prentsaren presentzia igo egin da azken urteotan Nafarroan eta, gaur egun, 14 urtetik gorako nafarren %42,7k irakurtzen dute, 162.784 lagunek zehazki. Azpimarratzekoa da euskarazko produktuek duten harrera. Horrela astekarien artean, ale gehien argitaratzen dutenen artean GUAIXE da laugarrena, La Verdad, Erriberako Plaza Nueva eta La Voz de la Riberaren atzetik.Estanis Alcover, Kataluniako Tokiko Prentsaren Elkarteko presidenteak eta Alazne Aiestaran Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak bertako hedabideen egoera aztertu zuten. Estanis Alcoverrek Kataluniako tokiko prentsaren egoeraren berri eman eta publikazio hauen garrantzia azpimarratu zuen "inguruarekiko duten lotura estuagatik",  "irakurleek gertu sentitzen dute eta identifikazio handia ematen da". Alcoverren ustez "behar-beharrezkoa da gobernuen inplikazioa eta laguntza" eta "diskriminazio positiboa" eskatu zuen tokiko komunikabide hauek laguntzeko.  Eremu urriko hizkuntzan argitaratzen diren publikazioak bultzatzeko arautegia ere beharrezkoa zela azpimarratu zuen. AzterketaAlazne Aiestaranek, berriz, Nafarroako tokiko prentsatzen inguruko analisiaren emaitzak aurkeztu zituen. Azterketa burutzeko Nafarpresen parte hartzen duten publikazioetan oinarritu zen, GUAIXE horien artean. Publikazio hauetan kazetaritza-generorik erabiliena informazio-edukiak dira, jarraian iritzi testuak, zerbitzuak eta, azkenik, komikiak eta literatura.  Gizarte-gaiak dira gehien erabiltzen direnak (artikuluen %30), gero eguneroko bizitza jorratzen dutenak (jaiak, aisialdia, hezkuntza e.a.) eta ondotik kulturarekin zerikusia dutenak (%25)  agertzen dira.  Laburbilduz,  publikazio horietan bertako bizilagunak eta gaiak dira protagonista "egunoroko prentsan, berriz, ekonomia eta politika dira nagusi" azpimarratu zuen Aiestaranek.  Aztertutako publikazioen profesionaltasuna ere nabarmendu zuen. Etorkizuneko erronken inguruan, Aiestaranek, kalitatea, edukien aldeko apustua,  profesionaltasuna eta teknologia berriekiko egokitzea azpimarratu zituen.  Sarean hedabide hauen presentzia handitzea da beste erronketako bat, "idatzizko informazioaren osagarri izan behar du eta ez idatzizkoaren kopia".   Azkenik, Goiena komunikazio talderen adibidea aipatu eta bere ustez "kasu batzuetan eskualde mailako publikazioen bateratzea aukera ona izan daiteke baliabideak optimizatzeko, maiztasuna handitzeko, bitartekoak sendotu eta erreferentzialtasuna handitzeko" Jardunaldiari bukaera emateko, mahai-ingurua izan zen hizlarien artean. Haiekin batera Joaquin Ortigosa Nafarroako Gobernuko komunikazio zuzendariak eta Nafarpres elkarteko Sandra Goldarazek hartu zuten parte. Orgitosak Nafarroako Gobernuak tokiko prentsaren alde egindako "apustua" nabarmendu zuen.