Etxarri eta Altsasu festetako kartelaren bila

Guaixe 2009ko maiatzaren 26a

Gero eta gertuago dugu uda eta, horrekin batera, hurbiltzen ari dira herritako festak. Hori dela eta, festak iragarriko dituen kartelen bila hasi dira Sakanako zenbait herri. Etxarri Aranazko eta Altsasuko Udalek aste honetan ireki dute lehiaketara aurkezteko epea. Haurren nahiz helduen kategorian, sari gozoekin datoz bi lehiaketak. Etxarri AranatzBi kategoria bereiztu ditu Etxarri Aranazko Udalak: 16 urtetik beherakoena eta 16tik gorakoena. Hurrenez hurren, 100 euro eta 300 euroko saria jasoko dute irabazleek, kirol edo eskolako materialean lehen kategorian eta dirutan bigarrenean. Kartelak zerikusia izanen du Etxarri Aranazko festekin. Beti ere, lanak orijinalak eta argitaratu gabeak izango dira. Lehiaketara aurkezten diren lanek A2 neurria (42 x 60 cm) izanen dute derrigorrez, eta honako testua izanen dute: "Etxarri Aranatz Festak 09". Teknika librea da. Kartelari izenburua jarri behar zaio atzeko aldean, baina sinadurarik ez. Gutun azal handi batean sartuko da lana eta, harekin batera, aparteko gutun azal itxi batean, egilearen datuak sartuko dira (izen-abizenak, helbidea, telefonoa, jaiotze data eta NAN zenbakia). Lanak Etxarri Aranazko udaletxean, erregistroan aurkeztu behar dira, ekainaren 19ko 14:00ak baino lehen. Etxarri Aranazko Kultura Kontseiluak izendatuko du epaimahaia. Haren erabakia apelaezina izanen da. Saritutako lanak udalaren jabego izatera pasako dira. Saririk jaso ez duenak, hilabeteko epea izango dute lana berreskuratzeko.  Interesatuek Etxarri Aranazko Kultura Sailean jasoko dituzte argibide gehiago, 948 460 930 telefonoan edo etxarrikultura@infonegocio.com helbidean. AltsasuAltsasuko Udalak haurren eta helduen mailak bereiztu ditu. Lehenengoan, Altsasuko ikastetxeetako Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH-ko 1. eta 2. mailako haur eta gazteak aurkez daitezke, eta bigarrenean, edonor. Gazteen arteko onenak marrazketako materiala eta 60 euro jasoko ditu. Helduen mailako irabazleak, berriz, 600 euroko sari potoloa. Azken honen kartelak iragarriko ditu herriko festak. Haurren mailako irabazlea, berriz, festen egitarauen kontraportada izanen da. Lehiaketara aurkezten diren proposamenak orijinalak izanen dira. Honako ezaugarriak bete beharko dituzte lanek: Haurren mailako proposamenek A3 formatua izanen dute eta edozein material erabili dezakete. Helduen kategorian, berriz, aukeran izanen dute A3 tamaina (42 cm x 29,7 cm) edo 70 cm x 50 cm-ko neurria. Obrak egiteko era librea izanen da. Bi kategorietan, testu hau izenen dute kartelek: "Altsasuko festak 2009 - Fiestas de Alsasua 2009". Egileek sinadurarik gabe eta beraiek aurkeztutako lemapean aurkeztuko dituzte kartelak. Lema atzealdean jarri behar da. Horrekin batera, gutun azal bat aurkeztuko da, azalean egilearen lema eta barruan egilearen datu pertsonalak dituela  (izen-abizenak, helbidea, telefonoa, jaiotze data eta NAN zenbakia eta, hala badagokio, ikastetxea eta ikasmaila). Haurren kategorian, ekainaren 19ko eguerdiko 14:00etan amaituko da lanak aurkezteko epea. Helduenean, berriz, uztailaren 24ko 14:00etan. Kartelak Iortia kultur gunean aurkeztu behar dira. Alkateak edo berak eskuordetutako zinegotziak eta Kultura Batzordeak proposatutako beste 4 kidek osatuko dute epaimahaia. Haren erabakia apelaezina izanen da. Kartel sarituaren jabetza Altsasuko Udalarena izango da. Saritutako kartelari nahi adina kopia egin ahal izanen dizkio eta lehiaketara aurkeztutako kartelekin erakusketak egiteko eskubidea izanen du. Saririk gabeko lehiakideek hilabete izanen dute kartelak jasotzeko. Argibide gehiago nahi duenak Altsasuko Kultura Zerbitzura jo dezakete, 948 56 42 72 telefonora edo kultura@altsasu.net helbidera.