Urtero legez jendetza bildu zen Munduko Koparako baliagarria den VIII. Zegama-Aizkorri mendi maratoi famatua jarraitzera. 42,195 km eta 5.472 metroko desnibel pilatuari egiteko 400 korrikalarik hartu zuten irteera - 1.400 zeuden izena emanda baina soilik 400endako zegoen tokia - eta horietatik 380k lortu zuten ibilbidea zortzi ordu baino gutxiagoan egitea. Aratz, Aizkorri, Andraitz eta ibilbideko txoko guztiak zalez beteta zeuden, Frantziako Tourra bailitzan, korrikalariak animatuz eta sekulako giroa sortuz. Irabazlea, Oazurtz azken gainaren jaitsieran erabaki zen, Saab Salomon taldeko Ricky Lightfoot britainarrak Ricardo Mejia eta Fernando Etxegarai harrapatu eta atzean utzi zituenean, helmugara bakarrik helduz (4:03:12). Hala ere, ez zuen Rob Jebgek 2005ean ezarritako 3:53:18 marka gainditu ahal izan. Bi minutu eta 13 segundoko aldea atera zion haren atzetik Oazurtz jaitsieran erasoa jo zuen Paolo Larger italiarrari eta 2:16koa Ricardo Mejia mexikarrari, biak esprint bizian aritu eta gero. Laugarrena Fernando Etxegarai beratarra izan zen. Aipatzekoa da probako lehen beteranoa Mejia bera izan zela, eta bigarren beteranoa Ander Unzurrunzaga etxarriarra, proba bikaina burutu eta helmugara 26. postuan sartu zena (4:34:51). Emakumezkoetan Emanuela Brizio betarano italiarra gailendu zen nagusitasunez (4:38:19), helmugan 32.a iritsita eta Rosa Madureira bigarrenari 17:52ko aldea aterata. Sakandar ugari aritu ziren Zegama-Aizkorrin, eta oso txukun, gainera. Ander Unzurrunzaga lehen sakandarra izan zen, 26.postuan eta bigarren beteranoa, eta Angel Arrieta eta Jose Luis Beraza uhartearrak 43. Eta 48. postuetan heldu ziren. Gainontzekoak beranduago sartu ziren. Emakumezkoetan, Maitane Txueka arbizuarra 11.a izan zen eta Jone Pelaez altsasuarra 18.a eta zazpigarren beteranoa. Sakandarren sailkapena1.Ricky Lightfoot (4:03:12)26.Ander Unzurrunzaga (4:34:51)43.Angel Arrieta (4:43:14)48.Jose Luis Beraza (4:45:05)110.Fermin Gabirondo (5:06:00)112.Aitor Begiristain (5:06:50)177.Damian Andueza (5:32:20)213.Maitane Txueka (5:49:05)215.Mikel Iturrioz (5:49:18)256.Alberto Arrizabalaga (6:00:34)257. Jose Antonio Salgado (6:00:34)261.Garikoitz Elvira (6:03:37)266.Jone Pelaez (6:05:55)348.Josema Leitza (6:51:25)*Antton Zelaia erretiratu egin zen.