Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Gobernuak langileen kontrataziorako onartu berri dituen laguntzen berri emateko eta Enplegu Planak bertako enpresak nola lagundu ditzakeen azaltzeko, Sakanako Enpresarien Elkarteak (SEE) topaketa antolatu zuen asteartean Altsasun. 25 bat enpresako ordezkariak bildu ziren topaketan. Nafarroako Gobernuko Lan eta Lan Arriskuen Prebentziorako zuzendari nagusi Imelda Lorea Etxabarren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Jose Luis Ruiz Ciruelos izan ziren azalpenak ematen, SEEko presidente Francisco Lopez de Alda Arreserekin batera.Ruiz Ciruelosek Nafarroako Gobernuak onartu berri dituen enplegua sustatzeko laguntzen berri eman zuen, aurten aplikatzekoa dena. Hala, azaldu zuen gobernuak 2.500 euroko laguntza emanen diela enpresariei egindako mugagabeko edo aldizkako kontratu finko bakoitzeko. 6 hilabete baino gehiagorako kontratatutako langile bakoitzeko gobernuak 1.000 euroko laguntza agindu du. Kontratatutakoa gabezia duen pertsonaren bat baldin bada 1.500 euroko diru-laguntza jasoko luke enpresak. EgoeraImelda Loreak, bestalde, esan zuenez. "Sakana eta Nafarroaren artean ez dago alderik egoeran. Nafarroan gauzatu diren Enplegu Erregulazio Espedienteen (EEE) %9 dira Sakanakoak. 1.113 langileri eragiten diete espediente horiek. Ez da beste eskualde batzuetakoa baino kezkagarriagoa". Gobernuko ordezkariak ere nabarmendu zuen Nafarroa estatua baino hobeki dagoela, "langabezia tasak beherago zeudelako, langabezia guztiz kezkagarria bada ere". SEEko ordezkariak jakinarazi zigunez, "aurten Sakanan 32 EEE onartu dira. Horietatik 29 kontratuak eteteko izan dira eta gainontzeko 6ak kontratuak hausteko. Gainera, 23 akordioarekin itxi dira eta 6 gabe". Aurkeztutako laguntzez galdetuta Lopez de Alda Arresek esan zigun "lanik ez badago laguntzak ezer gutxirako balioko dute, baina urte guztirako dira eta balioko dute". Krisialdiak Sakanako enpresei nola eragin dien jakiteko, SEEk bira bat egin du azken hilabeteetan eta lan karga %30 eta 50 artean jaitsi dela ondorioztatu du, "denetarik baldin badago ere". Lopez de Alda Arresek esan zigunez, "enpresak berraktibatzeko eta langabezia gutxitzeko" lanean jarraituko dute. Aurreratu zuenez, Nafarroako Ganberako presidente Javier Tabernarekin bilduko da SEEko zuzendaritza. Titulazioa langileendakoSEEk antolatutako jardunaldian Altsasuko Lanbide Heziketa institutuko zuzendari Ignacio Urbitarte ere izan zen. Urbitartek heldu den urtean jardunean dauden langileek titulu ofiziala eskuratzeko egonen den sistemaren berri eman zuen. Izan ere, asko eta asko dira ikasketak bukatu gabe lanean hasi diren langileak. Hezkuntza Ministerioaren egitasmoak langileen "esperientzia prestakuntza moduan kontuan izanen du Lanbide Heziketako titulua lortzeko edota akreditazio formaleko ebaluazio sistema batean sartzeko". Urbitartek azaldu zuenez, Altsasuko institutuan soldadurako langileek izanen dute aukera horretarako. Zehaztu zuenez, "2010eko urtarrilerako deialdia da. Langileek haien lan esperientzia kontatu beharko diote epai-mahai bati. Elkarrizketak eta enpresako paperekin zehaztuko da langilearen prestakuntza, edo gaitasun unitateak. Titulu bakoitza hainbat gaitasun unitatez osatuta egonen da. Lanbide Heziketako soldadura titulua nahi duten soldatzaileek 2010/11 ikasturtean ikastetxera joan eta falta zaizkien gaitasun unitateak bete beharko dituzte".