Gaur abiatuko da Nafarroako Itzulia

Guaixe 2009ko maiatzaren 27a

Afizionatuen mailako Nafarroako Itzulia gaur abiatuko da, Lizarten. Krisiaren eraginez aurrekontu gutxiago daukate antolatzaileek eta talde kontinentalak ez dira ariko. Hortaz, aukera gehiago ikusten dituzte talde nafarrek, nahiz eta lasterketa oso konplikatua izango dela iragarri. Guztira 16 talde lehiatuko dira, horietatik 11 Estatu Espainiarrekoak, eta horretaz gain Portugalgo selekzio bat, Uruguaiko selekzio bat eta Frantziako bi talde.Nafarroako Kutxa talde sakandarrak talde indartsua prestatu du: Guillermo Lana, Fabricio Ferrari, Adrian Saez de Arregi, Victor de la Parte, Ruben Martinez, Alex Fabregas eta Florentino Marquez ariko dira, Alejandro Hernandez zuzendariaren aginduetara. Hernandezen iritziz "lasterketak maila gutxiago izango du, baina horrek aukera gehiago izango ditugu. Lasterketak lehendabiziko egunetik izango du emozioa, Erriberan haizeak asko konplikatu baitezake lasterketa". Adituek Rural Kutxa eta CCN Valencia taldeak jotzen dituzte faborito, baina Rural Kutxako zuzendariak argitu nahi izan du eurak ez direla faboritoak. Denboraldi honetan dagoeneko 15 garaipen eta taldekako 22 klasifikazio pilatu ditu Sakanako taldeak, primerako hasiera eginez, eta ikusi behar zein lan egiten duen Nafarroako Itzulian. Bestalde, Naturgas Energia talde arabarrarekin Xabier Zabalo txirrindulari olaztiarra ariko da. Pozik dago Zabalo, igandean bere palmaresa estrenatu baitzuen Matxituan. GaurkoaGaur Agustinos poligonoko Lizarte industrietatik abiatuko da Nafarroako Itzuliko lehen etapa, San Adrianen despedituko dena, 145,5 kilometrokoa. Ibilbide gorabeheratsuko etapa da, eta haizea ere izan daiteke protagonista. Hirugarren mailako Peralta gaina igo beharko dute bi aldiz, hirugarren mailako La Castellana gaina eta hirugarren mailako Andosilla gaina, azken hau etapa bukaerarako bost kilometroren faltan. Lau maillot daude jokoan: sailkapen orokorra, mendikoa, konbinatua, erregulartasunekoa, tarteko helmugena, esprint bereziena eta lehen nafarrarena. Nafarroako Itzuliko speaker edo hizlaria Juan Mari Guajardo altsasuarra izanen da, eta bere arreba Monicak, beste batzutan bezala, Radio Vueltaren ardura izanen du.