Ostiralean Kirol Festa ospatuko dute eta Sakanako 57 monitore inguru afaltzera bilduko dira

Guaixe 2009ko maiatzaren 28a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Uharte Arakilen, Irañetan, Arakilen eta Irurtzunen antolatu du aurtengo Sakanako XVII. Kirol Astea. Helburua aipatu herrietako ikastetxe eta kirol taldeetako haur, guraso eta antolatzaileak bildu eta haien arteko harremanak bulkatzea izan da. Horrela, haur eta gaztetxoen artean balioak lantzeko ahaleginetan, kirol egokitua praktikan jartzeko aukera izan da Irurtzunen eta Uharte Arakilen, Zuzenak taldearen eskutik. Gurpildun aulkiarekin eta begiak estalita aritu ziren haurrak kiroletan, pertsona minusbaliatuen lekuan jarriz. Birziklatze tailerretan ere bikain pasa dute Hiriberriko eta Irurtzungo gaztetxoek. Haurrek etxetik eramandako ontziekin (leungarri poteak, jogurt poteak, arrautzen kutxak, paper erroiluen kartoizko hodiak, oinetako kutxak, plastikozko botilak, latak, brikak...) kirol materiala egin eta haiekin jolasteko aukera izan zuten Txubindo Natur Gelaren laguntzarekin. Horretaz gain Sakanako DYAkoek lehen sorospenen oinarrizko ikastaroak eskaini zituzten ikastetxeetan eta kirol eskolei buruzko argazki erakusketa dago ikusgai Irurtzungo udaletxeko batzar gelan. Ekitaldien balorazio positiboa egin du Sakanako Mankomunitateak. Sakanako Kirol Astearen XVII. edizioa ostiralean despedituko da, Kirol Festarekin. Sakanan haurrekin eta gaztetxoekin lan egiten duten kirol monitore guztiak afaltzera bilduko dira Irurtzunen. 57 pertsona espero dituzte Matxainen. Ea kurtsoa ongi despeditzen duten.