Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo hasi zen afizionatuen mailako Nafarroako Itzulia, Agustinos poligonoan dagoen Lizarte industriatik abiatuta. 16 taldek hartu zuten irteera, 145 km osatu eta hirugarren mailako Peralta, La Castellana, Peralta eta Andosilla igotzeko asmoz, San Adrianen bukatzeko. Orografiari begiratuta ez zen oso etapa erabakiorra aurreikusten, baina haizeak eragin handia izan zuen, lasterketa baldintzatuz eta tropela zatituz. Izan ere, soilik 20 txirrindularitza daude liderrarekiko 2 minutu baino gutxiago galdu dutenak. Etapan mugimendu eta ihesaldi saiakera ugari izan ziren, eta bi tropeltxo geratu ziren aurrean, baina haizearen eta txirrindulariek zeramaten abiadura handiaren eraginez, bukaeran 20 bat inguruko tropeltxoa geratu zen buruan. Amical Velo talde frantziarrak sekulako lana egin zuen eta talde horretako Thomas Rostollanek lasterketako azken igoeran, Andosillan, erritmoa bizkortu zuen eta bakarrik heldu zen San Adriango irteerara (3:15:05). 30 segundora sartu zen tropeltxoa, Davo-Lotto taldeko Kris Boeckmans eta Amical Veloko Bejamin Giraud buruan zirela. Seguros Bilbaoko Jon Pardo izan zen lehen nafarra, bosgarrena, Rural Kutxako Florentino Marquez zazpigarrena, eta talde bereko Aleix Fabregas hemeretzigarrena, hirurak denbora berean. Gainontzeko txirrindulariek bi minututik gorako aldea galdu zuten, tartean Naturgas Energiako Xabier Zabalok, 71.a heldu baitzen, 19:06ra. Multzo horretan ere sukarrak jota zebilen Rural Kutxako Guillermo Lana zegoen. Gaur San Adrianen hasi eta Tuteran despedituko den 144 km-ko etapari eginen diote aurre txirrindulariek. Txirrindulariek ez dute inolako porturik igo behar izango, baina Erriberan jo dezakeen haizeak atzo bezalako arriskua dauka txirrindulariendako.