Nazabal finaleko txartelaren bila

Guaixe 2009ko maiatzaren 29a

Aurreko igandean Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan Arrospidek sekulako sorpresa eman zuen, finalerako faboritoetako bat zen Donato Larretxea menpean hartu eta gero. Leaburukoak lan bikaina egin zuen eta sasoi bikainean dagoela erakutsi zuen, eta Larretxeak, nahiz eta ongi hasi, sekulako beheraldia izan zuen azken lanean. Hain zuzen ere iraupeneko probak erabaki zuen saioa, azkeneko lanak, eta Arrospidek sekulako abantaila atera zion Larretxeari, finalerako txartela lortuz. Arrospideren kontra nor ariko den igandean erabakiko da Kuartangon, 12:30ean hasiko den jaialdian. Egungo txapeldun Floren Nazabal eta Lopez Azpilikueta ariko dira lehian, finalerako postua jokoan dutela. Etxarriarra da faborito baina Lopezek txapelketa bikaina egin du, besteak beste Miel Mindegia bidean utziz. Hortaz, lehia gogorra aurreikusten da. Ea etxarriarrak beste final batean aritzeko aukera lortzen duen. Egin beharreko lana: 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu; 45 ontzakoa erloju kontra; 60 ontzakoa zeinek azkarrago bota; kana-erdikoa zutik moztu; eta bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako zeinek azkarrago moztu.