Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pobreziarik ez Nafarroan plataformak Altsasun pobreziaren kontrako udal paktua egiteko asmoa du. Paktua adosteko prozesu parte-hartzailea zabaldu du eta, horregatik, altsasuarrak eta bertako erakundeak gaur, 19:30ean, Iortia kultur gunean eginen den aurkezpenera gonbidatu dituzte. Pobreziarik ez Nafarroan plataformak herrialdeko udalek pobreziaren kontrako planak egin eta aplikatzea bultzatzen du, Nafarroako Gobernuaren Garapenerako Lankidetza Zerbitzuaren finantziazioarekin. Orain arte dauden herri mailako paktuen kopurua handitu nahi du plataformak. Baina, udalerri bakoitzeko gizarte ehunak ere paktuan tokia izan behar duela uste dute plataformako kideek. Paktua osatzeko, haren jarraipena egiteko eta betetzen dela ziurtatzeko lan batzorde mistoak sortu beharra nabarmentzen du plataformak. Asteazkenerako deialdia egin dutenek azaldu dutenez, paktuak jaso ditzake, besteak beste: "garapenerako laguntza ofizialak, pobreziaren kontrako borroka, kanpo zorra, elkartasun ekonomia, kontsumo arduratsua, bidezko merkataritza edo ingurumena". Haien asmoa litzateke herri mailako paktuek legegintzaldi bat baino gehiago hartzea eta herrian dauden alderdi guztien babesa jasotzea. Altsasun, dagoeneko, Gizarte Gaietarako udaleko batzordearekin bildu dira eta pobreziaren kontrako paktua sinatzeko prest azaldu da. Helburu hori lortzeko lehen hartu emana izanen da asteazkeneko bilera. Orokorra eta tokikoaNazio Batuen Erakundean 2000. urtean 89 estatuk Milurteko Adierazpena sinatu zuten eta konpromisoa hartu zuten 2015erako munduko pobreziarekin bukatzeko Milurteko Garapenaren 8 Helburuak betetzea. 9 urte pasa ondoren sinatutakoa agindutako datarako ez dela beteko dio plataformak. Horregatik, mundu, estatu, erkidego eta udal mailan helburu horiek lortzeko indarra egiten ari den planeta mailako erakunde sare bat sortu da eta horien parte da Pobreziarik ez Nafarroan plataforma, herrialdeko hainbat erakunde eta sare batzen dituena. Nafarroan plataformak berak eta parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiek Pobreziarik ez Paktua sinatu zuten 2007an. Haren jarraipena egiteko batzordea sortu zuten eta dagoeneko Tuterak eta Atarrabiak udal mailako paktuak sinatu dituzte.