Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskalteleko Egoi Martinez txirrindulari etxarriarrak 15 egun eman ditu Pirinioetan, altueran eta mendietan entrenatzen, 2.000 metrotik gora, Frantziako Tourra prestatzeko. Lieje-Gastoigne-Lieje klasikoan parte hartu eta gero atseden egun batzuk hartu zituen etxarriarrak, lehen zikloko 25 lehiaketa egunak errekuperatzeko. Duela bi aste Pirinioetara jo zuen emaztearekin eta semearekin batera, Grandvalira eski estaziotik gertu dagoen Soldeura, eta bi aste eman ditu inguru haietan entrenatzen. 1.800 kilometro inguru egin ditu eta portu asko igo. Etxarriarrak Nafarroako komunikabide batean adierazi duenez, etxerako prestatua zuen entrenamendu bera egin du, baina altueran. "2.000 metrotik gora bizi eta lo egin eta 2.000 metrotik gora entrenatu" beti ere Tourrean ahalik eta hobekien egoteko helburuarekin eta etaparen bat irabaztea lortzeko asmoarekin. Igandean hasiko den Dauphiné Liberé-ren ondoren Frantziako Tourra, Donostiako Klasikoa, Portuen Itzulia eta Espainiako Itzulia zain dauzka etxarriarrak. Gorka Verdugo etxarriarrak ere Tourrean parte hartuko du.