Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean hasiko da Dauphiné Libéré lasterketa famatuaren 61. edizioa, eta hiru txirrindulari sakandar izango ditugu lehian: Egoi Martinez eta Gorka Verdugo etxarriarrak Euskaltel-Euskadi taldean, eta Jose Luis Arrieta uhartearra Ag2r taldean. Frantziako Tourra egoki prestatzeko lehiatzen dira txirrindulari asko aste bateko iraupena duen proba honetan, eta espero dezagun esandakoa konfirmatu eta aipatutakoak uztailean Frantziako errepideetan barna ikustea. Txirrindulari famatuenek irabazi izan dute Dauphiné Libéré. Anquetil, Ocaña, Merckx, Hinault, Lemond, Millar, Indurain, Armstrong... Eta berriki euskaldunak nagusitu izan dira: 2004an Iban Mayok irabazi zuen, eta 2005ean Iñigo Landaluzek. Iaz Caisse d´Epargneko Alejandro Valverde izan zen garaile eta aurten ere helburu berarekin ariko da murtziarra. Berarekin batera Cadel Evans (Silence Lotto), Alberto Contador (Astana), Flecha (Rabobank) eta David Millar (Garmin) dira faborito nagusiak. Frantziako Alpeetan jokatuko den lasterketa igandean abiatuko da, Nancyn hasi eta despedituko den 12,10 kilometroko sarrerako etaparekin, eta hurrengo igandean despedituko da, hilaren 14an, Faverges eta Grenoble artekoarekin. Mendia nagusi, eskalatzaileek aukera paregabeak izanen dituzte, baina esprinterrek, ordea, hainbeste. Laugarren etapa 42,4 kilometroko erlojupekoa izango da. Bosgarren etapa Mont Ventouxen bukatuko da eta hori izango da, akaso, itzuliko ikuskizunik handiena. Tartean Alpeetan bi egun gogor eta txirrindularitza bikaina eskainiko ditu Dauphinék, zaleen gozamendurako.