Festa Santa Marinan

Guaixe 2009ko ekainaren 5a

Urbasaren ertzean dagoen ermita bakaikuarren eta iturmendiarren bilgune bihurtuko da domekan. Trinitate ospakizunak aurten iturmendiarrei antolatzea tokatzen zaie eta dagoeneko nahiko aurreratuta dute dena. Goizean etxafuegoa bota ondoren, Urbasarako bidea hartuko dute bateko eta besteko herritarrek, batzuk oinez, autotan besteak. Santa Marinara iritsi eta lehenengo gauza indarrak berritzeko gosaltzea izanen da. Trinitatearen omenezko meza eguerdian izanen da. Haren ondoren, zilarrezko kikaretan ardoa banatuko da eta trikiti doinuak zabalduko dira, dantzarako gonbitea eginez. Batzuk hizketan dauden bitartean, bazkaria prestatuko duenik ere izanen da, mahaira esertzeko garaian dena prest egoteko. GonbiteaOhitura denez, bi udaletako kideak elkarrekin bazkalduko dute. Aurten, hala ere, Iturmendiko Udalak Burundako alkate guztiak gonbidatu ditu Santa Marinako ospakizunera. Horrela, azaro akaberako irudia errepikatu daiteke. Orduko hartan Burundak foruak jaso zituela 8 mende jaso zituela ospatu zen. Nicolas Arbizuk, Iturmendiko alkateak esan digunez,"agiri zaharretan ageri denez, badirudi Burunda guztiarendako ermita zela". Herrien arteko harremanak bultzatu asmo ditu gonbidapenak. Bazkaldu ondoren, musikarik eta dantzarik ez da faltako, seiak aldera herrirako bidea hartzeko ordua iritsi arte. Aurten festa bukaera Iturmendin izanen da. Menditik beherakoan, herrira iritsi aurretik, San Pedro ermita ondoan dagoen dantzalarren geldialdia eginen dute guztiek eta udalak gazta eta ardoa banatuko du. Indarrak berpiztuta herriraino berehala jaitsiko dira eta kalejiran buelta emanen diote Iturmendiri. 20:00etatik 23:00etara Iñaki Bizkai musikariak dantzaldia eskainiko du eta hala despedituko da festa eguna.