Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bihar, Etxarri Aranatzen, Andra Mari ikastolak bere 40. urteurrena ospatuko du. Horrekin batera, ikasturte akaberako festa ere ospatuko da egitarau zabal batekin. Goizean zehar, plazan, puzgarriak eta jokoak izanen dira. Euskal Herriari pilotalekuan, 10:00etatik aurrera, pilota partidak izanen dira. 12:00etatik 14:00etara ikastolako gimnasioan ikasleek egindako eskulanen erakusketa izanen da. Kalderete txapelketa ere deitu da. Goizean zehar haiek prestatzen ariko dira eta onena zein den 13:00etan jakinen da. Bazkaria, berriz, bi ordu beranduago izanen da frontoian. Hura bukatzean ikastetxean 25 urte lanean daramaten Olivia Galparsoro eta Jaione Azpirotz langileak omenduko dituzte. Segituan mus txapelketari hasiera emanen zaio. Karta jokoan aritu nahi ez dutenek, DBHko 2. mailako ikasleek prestatutako antzezlanarekin gozatzeko aukera izanen dute. Horrekin batera, ikastolaren 40 urteak errepasatzen dituen bideoa proiektatuko da 18:15etik aurrera. Kirola maite dutenek 17:00etan abiatuko den txirrindulari lasterketarekin gozatzeko aukera izanen dute. Festa akabera, 20:00etan izanen da, plazan, trikiti doinuekin.