Nazabalen bosgarren txapela

Guaixe 2009ko ekainaren 8a

Laurehun ikusle inguru bildu ziren larunbat gauean Azpeitiako Izarraitz kiroldegian, Egur Sport enpresak antolatutako Banakako Urrezko Aizkoraren finalak ikusteko. Urrezko mailan Floren Nazabal eta Anjel Arrospide aritu ziren txapela lortzeko lehian, eta 19 urtez azpiko finalean, Erasun eta Saralegi. Azken honetan Erasun nagusitu zen. Elitean Nazabal zen txapela janzteko faborito nagusia. Ez zen sorpresarik izan eta txapelak zegoen lekuan jarraituko du, larunbatekoarekin bosgarren txapela eskuratu baitu etxarriarrak. Azken probara arte pareko ibili ziren Nazabal eta Arrospide, Arrospide abantailarekin helduz, baina iraupen proban etxarriarra izan zen jaun eta jabe. Finalak eman zuena45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan mozteko lanean Arrospide nagusitu zen: 28 kolpetan erdibitu zuen, eta 29 kolpetan etxarriarrak. 45 ontzakoa zeinek azkarren mozteko lanean Nazabal nagusitu zen, 38 segundotan egin baitzuen lana, Arrospideri bi segundoko tartea kenduz. Hirugarren lanean - bi kanaerdiko moztu, bata zutik eta bestea etzana - Nazabalek beste bi segundo atera zizkion Arrospideri, 1:42an lana osatu eta gero. Laugarren lanean 60 ontzakoa moztu behar zuten eta Nazabal izan zen azkarrena (1:44), Leaburukoari bost segundo aterata. Bosgarren lanean 60 ontzakoa zutik moztu behar zuten eta Arrospidek primerako lana egin zuen, 2:55etan erdibitu baitzuen zutikakoa. Etxarriarrak 17 segundo gehiago behar izan zituen. Alde horri esker, azken lanera - lau kana erdiko eta bi 60 ontzako moztu - 7 segundoko abantailarekin heldu zen Arrospide. Beraz, guztia iraupeneko lanean erabaki zen eta hor agerian jarri zen Nazabalen nagusitasuna, bi minutu pasako aldea atera baitzion Leaburukoari. 14:40ko denbora egin zuen Nazabalek, eta 16:50ekoa Arrospidek. Lan guztiak egiteko 22 minutu eta 25 segundo behar izan zituen Nazabal txapeldunak, eta 24 minutu eta 28 segundo, berriz, Arrospidek. Txapeldun etxarriarrak sasoi betean jarraitzen duela demostratu zuen. Bera da egungo txapeldun handiena.