Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan gazteen eta senior mailako Espainiako Pistako Txapelketak jokatu ziren Valentzian, bero izugarriaren pean. Hala ere ikuskizuna ez da falta izan. Aurten Kataluniako C.P. Cobra El Prat taldean dabilen Joseba Fernandez iturmendiarrak primerako lana egin zuen, senior mailako 300 metroko erlojupekoan urrezko domina eskuratu baitzuen. Horretaz gain, 1.000 metroko lineako proban hamargarrena izan zen eta taldekako erreleboetan bigarrena izan zen, bere taldekide Ronan Sanchez, Roger Vallverdu eta Kepa Caballerorekin batera. Aipatu txapelketetan ere San Juan taldean dabilen Kevin Markes altsasuarra aritu zen lehian, gazte mailan. 300 metroko erlojupekoan bederatzigarrena sailkatu zen Kevin, eta 1.000 metroko lineako proban hamargarrena izan zen, primerako lana eginda.