Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo abiatu zen txirrindulari gehienek Tourra prestatzeko erabiltzen duten astebeteko lasterketa garrantzitsua: Dauphiné Liberé. Hain zuzen ere Nancyn hasi eta despeditu zen 12 kilometroko erlojupekoko aurre etapa izan zen atzokoa. Silenceko Cadel Evansek eta Astanako Alberto Contadorrek Tourra primeran prestatzen ari direla erakutsi zuten, Evansek irabazi baitzuen erlojupekoa (15:36), Contadorri 8 segundo aterata. Hirugarrena Caisse d´Epargneko Alejandro Valverde izan zen. Hain zuzen ere eurak dira Dauphiné irabazteko faborito nagusiak. Txirrindulari sakandarrei dagokienez, Caisseko Imanol Erbiti 37.a izan zen, 57 segundora; Euskalteleko Gorka Verdugo 47.a, 1:02ra; AG2Rko Jose Luis Arrieta 70.a, 1:12ra; eta Euskalteleko Egoi Martinez 90.a, 1:19ra. Gaur lehenengo etapa jokatuko dute, Nancyn hasi eta Dijonen despedituko dena, 228 km osatu eta gero. Laugarren mailako bi portu igo beharko dituzte, eta etapa esprintean despedituko dela aurreikusten da.