Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urtero moduan Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak futbol campusa antolatu du udarako. Iazko primerako esperientzia errepikatu nahian, aurten ere Lakuntzako Zelai Berri belarrezko futbol zelaian eta alboan dauden Lakuntzako igerilekuetan gauzatuko da futbol campusa, uztailaren 13tik 25era, bi txandatan. Horretarako Lakuntzako Udalaren, Lagun Artea futbol taldearen eta Nafarroako Kirol Institutuaren laguntza izan du Mankomunitateak. Futbol campusaren helburua gaztetxoak futbolean murgiltzea da. Endika Gabiña monitoreari esker, futbolaren inguruko teoria eta praktika uztartuko dituzte ia alfronbra berde bat dirudien Zelai Berri futbol zelaian, kategoria bakoitzean dagozkion gaiak aztertuz. Landuko duten metodologia, batez ere, jolasen bidezkoa izanen da. Gainera, saioaren bukaeran futbol zelaiaren alboan dauden Lakuntzako igerilekuetan freskatzeko aukera izango dute gaztetxo guztiek. Udarako plan bikaina, beraz. Futbol campusa bi txandatan emango da. Lehenengo txanda uztailaren 13tik 18ra bitartekoa izango da, eta bertan 1997., 1998. eta 1999. urteetan jaiotakoak arituko dira. Bigarren txanda uztailaren 20tik 25era artekoa da, eta bertan 1996, 1995 eta 1994 urteetan jaiotako gaztetxoak ariko dira. 1993. eta 1992. urteetan jaiotakoekin zerrenda berezi bat osatuko da, toki librerik badago eurek parte har dezaten. Izan ere, txanda bakoitzean gehienez ere 30 parte-hartzaile onartuko dira. Gaztetxoak goizeko 10:00etatik 13:00etara ariko dira futbolean murgiltzen, eta bukaeran igerilekuetan bainatzeko aukera izango dute. Izena emateko epea zabalik dago Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan, 948 464 866 telefonora hots eginez, kirolak@sakana-mank.com posta elektronikoaren bidez edo www.sakana-mank.com web gunearen bidez, uztailaren 3ra arte. Partaide bakoitzak 25,9 euro ordaindu beharko ditu, Euskadiko Kutxako 3035 011693 116.0.00332.8 kontu zenbakian. Ikastarora joateko bidaia partaide bakoitzak antolatuko du.