ERKUDEN ETA BESTE ASKO

Guaixe 2009ko ekainaren 12a

Eliza katolikoaren ibilbidea luzea bezain traketsa da (etika kontutan), ez ordea ekonomiari dagokion aferetan. XII. mendean, zerua eta infernua baino existitzen ez ziren garai haietan, lanik egin gabe lortutako dirua bekatua zen (denbora lapurtzea zela uste zuten, eta ondorioz, jainkoari lapurreta egitea: infernura). Judutarrak bekatu horretatik salbu zeudenez, erlijio bera ez konpartitzeagatik, batik bat, lanik gabeko etekinak biltzea ez zen arriskua beraientzako. Hauek oso-oso aberats egin ziren  bitartean Elizak zor handiak baino ez zituen metatu. Jakina da elizgizonak (gizonak bakarrik) sormen handiko izakiak direla eta irudiak asmatzen hasita (apostoluak, sorginak eta Torquemada) Purgatorioa toki bitxia bilakatu zen: bekatua egin bai baina birziklapen aukera bermaturik, judutarrei finantzen monopolioa kendu (bi lapurreta mota?).XXI. mendean Erakundearen arazoak udalek sortzen dituzte. Nonbait telebistak, internetek edo MP4ak herritarrak elizatik aldendu ditu, baina eraikinekiko lotura afektiboa erabat apurtu gabe; baselizak maite bai, baina antzoki moduan; elizak maite bai, baina turismo bulego moduan.... Interes ezberdinek bultzatu dute jabegoa, erabilera eta legearen inguruko galdeketa. Tafallan azaleratu zuen kontua. Nonbait, herritar baten aitonak santu batzuen irudiak egin, elizak ez ordaindu, familian ordaindu gabeko lanaren kondaira sortu eta  irudiak inondik agertzen ez. Udalera jo eta santuaz gain Elizaren jokabide berria aurkitu zuen: hogei egun bete ziren eliza Erakundeak inmatrikulatu (bere izenean erregistratu) zuela. Hor sortu zen, kasualitatez, Ondarearen Defentsarako Plataforma. Plataformak salaketa mediatikoa egin zuen: Nafarroako 200 eliza eta baseliza inmatrikulatu zituzten hilabete batean, ziurtagiri bakoitza 24€ kostatu zelarik.Azkeneko eskandalu batzuen artean Esakoa dago: eliza zaharberritzen ari zirelarik margolan baliotsu batzuk agertu ziren. Hauek ere berritu zituzten, baina udalaren dirua agortua zenez eliza bisitatzeko sarrera kobratzeko asmoa plazaratu zuten. Egun horretan bertan Esako eliza Artzapezpikuarena egin zen 24 eurotan, trabarik gabe. Eta orain Erkudengo baselizarekin berdin: udalak konpondu, herriak mantendu eta Elizaren esku saltzeko, eraikinaren erabilera aldatzeko edo sarrera kobratzeko aukera. Eskerrak Purgatorioa garaiz asmatu zutela!Miren Ustarroz