Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostegunean Idiazabal Babestutako Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko kideak aukeratzeko hauteskundeak egin ziren. Esne produktoreek eta gaztagileek beraien ordezkariak bozkatu zituzten. Kontseiluak dituen dozena bat kideetatik hiru sakandarrak izanen dira. Jose Manuel Araña Iriarte arbizuarra 10.000tik 20.000 esne litrora bitarte ekoizten duten Nafarroako artzainen ordezkari izanen da. Uharte Arakilgo Javier Martiarena Aizkorbe beraien artaldeen esnearekin gazta egiten duten artzainen ordezkarietako bat izanen da. Eta, azkenik, urtean 100 tona gazta baino gehiago ekoizten duten gaztagileen ordezkarietako bat izanen da Olatzagutiako Quesos La Vasco Navarra SA. Kontseilu arautzailean laugarren sakandar bat izan daiteke. Javier Martiarena Aizkorbek, EHNE-Artzain Gazta hautagaitzako kideak jakinarazi digunez, kontseiluko buru izateko Jose Mari Ustarroz proposatuko dute. "Orain arte Jose Marik egindako lanarekin oso gustura gaude", esan digu Javierrek. Lehen bileran erabakiko da kontseiluko burua zein izanen den.BalorazioaEHNE-Artzain Gazta zerrenda bateratuak hilaren 2ko hauteskundeetan babes handia (%83,93) lortu zuen eta bere hautagaiak izan dira kontseilurako kide aukeratu dituztenak. EHNEk esan duenez, emaitza horiek "argi eta garbi" erakusten dute Nafarroako artzainak "ados daudela sindikatuak bertako ardi arrazen eta eredu estentsiboaren alde egiten duen defentsarekin". EHNErendako emaitzek ere "UAGN Erronkari Jatorri Izendapenean kanpoko arraza intentsiboak sartuz lantzen ari den bidea zigortzen dute". Bestalde, zerrenda bateratuko kideek industriako ordezkariak batzorde arautzailera bueltatzea "ospatu" dutela azaldu dute. Kontseiluan lau ardatz defendatuko dituzte EHNE-Artzain Gatza hautagaitzako kideek. Batetik, Jatorri Izendapenari ahalik eta balore gehitu handiena atera eta esneari pasatzea. Bestetik, latxa eta karrantzana ardi arrazei lotutako ekoizpen ereduaren aldeko apustua egitea, baserri gehienen etorkizuna eta iraunkortasuna bermatzeko helburuarekin. Horrekin batera, kontrol bideak indartzea eta, azkenik, benetako kalitate bereiziaren bidean sakontzen jarraitu.