Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bere baitan, besteak beste, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Urdiain hartzen dituen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak biharkoan bere eguna, UEMA Eguna ospatuko du. Beran izanen da ospakizuna, euskarak elkartzen gaituelako lelopean. Erakundearen 18. urteurrenean 60 bat herri dira mankomunitatea osatzen dutenak, guztiak ere, "euskaraz bizitzeko erabakia hartu" dutenak. Jaiaren aurkezpenean UEMAko arduradunek nabarmendu zuten "urratsak sendotzeko unea dela eta ez deuseztatzekoa". Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatu diote ofizialtasuna Nafarroa osora zabal dezala". Aitortu zuten "oraindik asko dago egiteko, Euskal Herriko edozein udal eta herritan euskaldunok edo euskaldun izan nahi dutenek euskaraz bizi ahal izateko". Horren adierazgarri gisa haien herrietan jarritako postontzietan jasotako 200 kexak, "hizkuntza eskubideen urraketa" salatzen dutenak. UEMAren babespera biltzera ere deitu zuten. Biharko ospakizunari dagokionez, 11:00etatik aurrera egitarau zabala prestatu dute Beran.