Astiz-Andueza, Berastegi-Andueza eta Igoa-Loban, txapeldunak

Guaixe 2009ko ekainaren 11

Asteburuan despeditu zen Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak hainbat laguntzailerekin batera - Olaztiko pala arduradunak, Itxondo elkartea, Etxarri Aranazko Gure Pilota elkartea eta Etxarri Aranatz, Altsasu eta Irurtzungo Udalak - antolatutako Emakumeen Frontenis Txapelketa. Finalak Irurtzunen jokatu ziren. Lehenengo mailan Astiz eta Anduezak irabazi egin zieten Aristorena ahizpei. Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko lehian, Uharte eta Jaka nagusitu ziren Beragaña eta Gonzaloren aurrean. Bigarren mailan Berastegik eta Anduezak Gasco eta Goya hartu zituzten menpean. Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partidan Berastegi eta Adarragak Urritzi eta Fernandezi irabazi zieten. Eta hirugarren mailan Igoak eta Lobanek Lizarraga eta Lizarraga garaitu zituzten. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidan Beunza eta Barrenetxea nagusitu ziren Igoaren eta Martinezen aurrean. Hiru mailako txapeldunek txapela jasotzeaz gain, lehengoei eta bigarrenei Iruñeko Cubo bainuetxera joateko gonbidapenak oparitu zizkieten. Hiru mailatan sailkatutako hirugarrenek eta laugarrenek bertako produktuak jaso zituzten. Irurtzungo Trinitate jaiak zirela probestuz parte hartzaile guztiendako bazkaria izan zen bertan.