Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Valencen hasi eta despeditu zen 42 kilometroko erlojupekoa jokatu zen atzo Dauphiné Liberén, laugarren etapa hain zuzen. Bert Grabsch (Columbia) espezialista gailendu zen (51:23), iazko erlojupeko munduko txapelduna, hain zuzen. Silence-Lotto taldeko Cadel Evansek bezperan galdutako maillot horia berreskuratu zuen, erlojupekoan bigarrena izan baitzen, 7 segundora. Alberto Contador eskalatzaile petoa da berez eta hori kontuan hartuta erlojupeko bikaina egin zuen. Bosgarrena izan zen, 44 segundora. Atzo ez zen Valverderen egun onena izan. Zortzigarrena izan zen, 1:54ra. Sakandarrei dagokienez Ag2rko Jose Luis Arrieta 45.a izan zen, 3:13ra; Caisseko Imanol Erbiti 46.a, 3:15era; Euskalteleko Gorka Verdugo 62.a, 3:37ra; eta talde bereko Egoi Martinez 72.a, 4 minutuetara. Erlojupekoak goitik behera aldatu du sailkapen orokorra. Cadel Evansek berreskuratu du lidergoa (11:16:19); Contador da bigarrena, 45 segundora eta Grabsch hirugarrena, 48 segundora. Imanol Erbiti 5.a da, 4:05era; Jose Luis Arrieta 51.a, 4:18ra; Verdugo 63.a, 4:32ra, eta Egoi Martinez 78.a, 5:12ra. Panorama horrekin heldu dira Alpeetara. Gaur bosgarren etapa jokatuko da, nagusia, Valencetik abiatu eta 154 kilometroren ondoren, Mont Ventoux beldurgarrian bukatuko dena, eta hurrengo egunetan ere etapa menditsu eta gogorrak izanen dira Alpeetan. Evans, Contador, Millar eta Valverderen lehia espero da. Igandean despedituko da Dauphiné Liberé.