Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hatortxu jaialdiaren inguruan Lakuntzak Iparraldeko Joko Torneoaren hirugarren eta azken jardunaldia hartuko du etzi, igandean, goizeko 11:00etan, frontoi atzealdean dagoen futbito pistan. Kirolariek ondoko lanak egin beharko dituzte: 50 lokotx biltzea; 18 kiloko ingudea minutu batez altxatzea; harri jasotzea (125 kiloko zilindroa minutu batean; 112,5 kiloko kubikoa minutu batean eta 100 kiloko bola minutu batean); 45 kiloko lastoa altxatzea; 65 kiloko zakua eramatea hirukotekako lasterketan; eta 40 kiloko txingak. Koxkor biltzean Josu Jiménez (Berriozar), Iñaki Ekisoain (Berriozar), Iñigo Lasaga (Etxalar), Andoni Lasaga (Etxalar), Patxi Irazoki (Igantzi), Fernando Etxegarai (Bera) eta Eder Goldarazena (Berriozar) ariko dira. Ingude jasotzean Xabi Sein (Igantzi), Karlos Sein (Igantzi), Joakin Aioroa (Ituren) eta Ander Mitxelena (Bera). Lasto jasotzean Xabi Sein (Igantzi), Karlos Sein (Igantzi), Oskar Telletxea (Igantzi) eta Iñaki Bereau (Igantzi) lehiatuko dira, eta zaku eramatean Berriozar A eta Berriozar B taldeak. Txinga lanetan Imanol Martin (Berriozar), Josetxo Urrutia (Leitza) eta Miguel Angel Sukuntza (Leitza) ibiliko dira. Burlatan eta Etxaurin jokatutako bi jardunaldietan egindako denborari igandean Lakuntzakoan egingo dutena gehituz jakingo dugu nor diren txapeldunak.