San Joan bezpera magikoaren zain

Guaixe 2009ko ekainaren 23a

Gaurkoan, San Joan bezperan, suak izango dira protagonista Sakanan. Dagoeneko gaztetxoak kartoia, papera eta makilen bilketan murgilduta daude su ikusgarriak prestatzeko asmoz. "San Juan urdiña, onak zabaltzazu, geiztuek iyertzazu; geiztue den guziye onaa konpartitzazu" esanez edo "zorriak eta partzak kentzeko" esanez, su gainean egingo dugu salto. Askok gainera, iaz San Joan egunean jasotako belarrekin eta urte guztian gordeta izan dituztenekin egingo dute sua. Arbizun eta Uharte Arakilen zaindariaren jaiak dira (Izurdiagan pasa berri dira). Baina herri horietaz gain, besteetan ere modu oso berezian ospatzen dugu urteko gaurik motzena, udako solstizioa. Irurtzun  Aizpea Euskara Taldeak, Udalaren eta Orritzen laguntzaz, iluntzerako egitaraua prestatu du. Eguzkia indarra galtzen hasia denean, eta erabat ezkutatu baino lehen, Aizpeako kideek pintxoak banatuko dituzte Irurtzungo plazan. Giroa alaitzeko trikilariek pieza batzuk joko dituzte. Tripa bete ondoren, gauaren iluntasunetik Iskidi joaldun taldea aterako da eta plazara hurbilduko da, han bere saioa egiteko. Haiek joan eta gero, sua piztu eta haren gainetik salto egiteko garaia izanen da.  Irañetan bizilagunak arratsaldean biltzen dira elkartearen aurrealdean, 20:30ak inguruan, su ederra prestatzera. Festa borobiltzeko urdaia eta beste prestatzen dituzte eta kantatzera ere animatzen dira. Lakuntzan afariak, suak eta ezkila doinuakHoriek dira Lakuntzako San Joan bezperaren osagai nagusiak. Herrian barna makina bat su piztuko dira eta, jakina, inork gutxik eutsiko dio saltatzeko tentaldiari. Afaltzera ere bilduko dira lakuntzarrak, auzoka edo koadrilaka, suaren ondoan, eta 22:00etatik gauerdira bitarte elizako ezkila-dorrera igo eta kanpaiak jotzeko aukera izanen du hala nahi duenak. Errepike ederrak izaten dira, eta gauerdira arte ezkila hotsak dira nagusi. Hantxe bertan auzatea izanen da.Arruazun ere su ederraren inguruan bilduko dira bizilagunak, eta baita Etxarri Aranatzen ere. Ergoienan eta Lizarragabengoan ere su gainean saltoka ibiliko dira. Arbizun gaurkoak festak hasiko dira. Bakaikun San Joan su handia egingo dute plazan, gaueko 21:00etan, eta herritar guztiak bertan bilduko dira. Txikienendako txokolatada izanen da. Ohitura jarraituz, San Joanetan herrian jartzen zen maiatza larunbatean jarriko da, ekainaren 27an, 18:00etan. Iturmendin Arrano Beltza plazaren erdian su handi bat eginen dute arratsaldean. Gazta eta txistorra eskainiko dira auzatean, baita hura bultzatzeko ardoa ere. Urdiainen uzta ona eskatzeko kantu ederrakUrdiaindarrak, urtero moduan, San Joan bezperan izen bereko ermitako plazan bilduko dira. Herritik, elizondotik, musikaz lagunduta jaitsiko dira 19:30ean, eta 20:00etan ermitan meza entzun ondoren, 20:30ak aldera ermita aurrean piztutako sua izanen da protagonista. Haurrak arto morkotsekin jolasean ari diren bitartean, herriko neska gazteak prestatu eginen dira, sutara hurbildu eta San Joan kantaita kantatuko dute uzta ona eskatzeko. Herriko dantzarien dantzak ez dira faltako. Ondoren, herriko bidea hartu eta makina bat afari izanen dira Urdiainen San Joana ospatzeko. Egun bai egun onek San Juan diruri Ez da San Juan bañan ala alunbra bedi Guazen San Juanera gaur arratsian Etorriko gerala bihar goizian...AltsasuGaragarrilak 23, asteartea17:00etan     Txupinazoa trikitixekin girotua, San Joan plazan.17:15ean     Cirkus taldearen ikuskizuna.18:45ean     Txokolatada, Alma Navarra taldeak girotua.20:00etan     Meza San Joan ermitan.20:30ean     San Joan ermitako sua piztea.21:00etan    Ardo-banatzea Foruen plazan.23:30etik 2:00era dantzaldia Yatagan taldearekin San Joan plazan.Olatzagutian eta Ziordian ere ez da San Joan surik faltako. Bestalde, Altsasun Amnistiaren Aldeko Mugimenduak astearterako triki-poteoa deitu du (18:30eanra). Ondoren, 20:30ean, plazan sua piztuko dute eta 22:00etarako afaria iragarrita dute. Hartan izan nahi duenak ohiko lekutan eman dezake izena.