Kontseiluak, Behatokiak eta Ziurtagiriaren Elkarteak aseguru-etxeetan eragiteko Euskaraz seguruago kanpaina abiatu dute. Hura zabaltzeko Irurtzunen Aizpea euskara taldea, Pikuxar euskal txokoa eta Irurtzungo Udala ari dira lanean; eta Arakilen, berriz, Urbaran euskara taldea eta Arakilgo Udala. Ekimen horren barruan, aipatu erakundeek Irurtzun eta Arakilgo euskaltzaleei eta gizarte-eragile eta entitateei parte hartzeko deia luzatu diete eta gonbidapena banatu diete beren aseguruak euskara ditzaten.Kanpainaren sustatzaileek diotenez, "arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzea lortzeko berebiziko garrantzia du entitateen hornitzaileek egiten duten lana euskalduntzeak". Diotenez, Euskararen Telefonoan jasotako kexek agerian utzi dute "aseguru-etxeak direla euskaraz aritzeko zailtasunak dituzten hornitzaileetako batzuk, eta euskaraz aritu nahi duten beste entitate ugariren lana baldintzatzen dutela". Behatokiaren arabera, aseguru-etxeek derrigortasun handiagoa izan beharko lukete herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Izan ere, eskaintzen dituzten hainbat zerbitzu nahitaezkoak dira: auto-asegurua, erantzukizun zibileko asegurua, etab. Legediak dioenez, "aseguru-hartzaileak kontratu-polizaren hizkuntza aukeratu ahal izango du". Euskaraz seguruago kanpainan, herriko norbanako, gizarte-eragile eta entitateek bat egin dezakete. Kontseiluaren web gunearen bitartez eskuratu ahal izango dituzte eskaera-orriak.