Tourrerako entrenamendu bikaina egin zuen atzo Euskaltelek Sakanan

Guaixe 2009ko ekainaren 24a

Tourra ere Sakanan presta daiteke. Hala egin zuen atzo Euskaltel-Euskadi taldeak. Goizeko 10:00etan hitzordua jarri zuten Ziordian, eta saio gogorra egin zuten. Tartean zeuden Gorka Verdugo eta Egoi Martinez, Tourrean ariko diren etxarriarrak. Beraiekin batera Mikel Astarloza, Igor Anton, Amets Txurruka, Koldo Fernandez de Larrea, Ruben Perez, Alan Perez, Juanjo Oroz eta Iñaki Isasi aritu ziren, azken hau ordezkoa, Igor Gonzalez de Galdeano zuzendariaren kontrolpean. Ziorditik atera eta Sakana gurutzatu zuten, Irurtzuneraino, autoaren atzean. Irurtzundik barna Ollo bailarara jo zuten, kasu honetan erritmo bizian. Ulzurru igo, Goñitik jaitsi eta atzera ere Irurtzunera jo zuten, Altsasura auto atzean joanez, eta Urbasa igo zuten. Urbasa gainean erlojupeko txirrindula hartu zuten txirrindulariek, entrenamenduko bigarren zatia egiteko: Tourreko taldekako erlojupeko simulatzea. Ariketa teknikoa izan zen batez ere, erreleboak eta beste nola egin behar dituzten prestatzeko. Arratsaldeko lau t´erdietan despeditu zen entrenamendua, 190 km osatu eta gero.