"Xabier Leteren Izarren hautsa poemak dioen bezala, "Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak,/ burruka hortan iraungo duten zuhaitz-ardaska gazteak". Filosofia horrekin, bai euskaren transmisioaren eta iraupenaren ikuspuntutik, bai ingurumena zaintzearen ikuspuntutik, zuhaitzak landatuko ditugu baso bat sortzeko asmoz, Oinez Basoa". Horiek Andra Mari Ikastolako presidenteorde Pello Urzelairen hitzak dira, Nafarroa Oinezen azken ekimenaren aurkezpenean. Aurreko ostiralean aurkeztu zuten Oinez basoa ekimena Iruñean. Ikastolako ordezkariarekin batera, Nafarroako Ikastolen Elkarteko buru Pello Mariñelarena, Ekain Laka eta Patxi Lakuntza izan ziren. Azaldu zutenez, Arbizuko Udalak Utzubarko basoaren ondoan utzitako 6 hektareako lur saila hartuko du Oinez Basoak. 5.200 zuhaitz landatuko dira ilbeltzean. ArrazoiakNafarroa Oinezen ateratakoarekin eraikin berria egin nahi du Andra Mari ikastolak, "energia berriztagarriak erabili eta irizpide ekologikoak kontuan hartuko dituen diseinu arkitektonikoa" kontuan izanda. Oinez basoarekin "euskararen aldeko sustapena eta naturarekiko begirunea uztartu" dituzte. Ostiraleko aurkezpenean aurreratu zutenez, basoak ere, "Nafarroa Oinez bezalako festa batek eragiten duen CO2 gasen isurketa konpentsatuko duen baso bat, euskara eta ingurumenarekiko kontzientzia bultzatzeko balio izango duen basoa izanen da". LandaketaOinez basoa sortzeko zuhaitzak landatu behar dira. Eta hori egin aurretik haiek erosi behar dira. Hori Nafarroa Oinezen salmenta puntuen bidez edo www.oinezbasoa.net web orriaren bidez egin daiteke. 9 zuhaitzen artean aukeratu daiteke: Izei zuria, douglas izeia, astigar zuria, gaztainondoa, lizar arrunta, intxaurrondoa, haritza, sekuoia luzea eta idi-bihotz arbola. Bakoitzaren prezioa 20 eurokoa da. Landatutako zuhaitza pertsonalizatzeko aukera ere izanen da, hau da: izena jartzea, deskribapena eta argazkia jarriz.Proiektuaren bultzatzaileakNafarroako Ikastolen Elkartea (Nafarroa Oinez festaren arduraduna). Proiektuaren jarraipena bermatuko du, datozen Nafarroa Oinez festetanAndra Mari ikastola. Proiektua sustatuko du aurtengo edizioanArbizuko Udala (basoaren lurren jabea). Basoa sortzeko lurra jarri du. Hura landatzeko eta kudeatzeko ardura hartu duEkopass (ingurumen arloko diru irabazteko asmorik gabeko elkartea) eta Naider (Ekonomia-sustapenean, ingurumen-iraunkortasunean eta gizarte-lehiakortasunean espezializatuta dagoen enpresa-proiektua). Web orrialde baten bidez zuhaitzen komertzializazioa bideratu eta sustatuko dute.