Enplegu eta industria batzordea lanean hasi da

Guaixe 2009ko ekainaren 24a

Sakanako Mankomunitateko Enplegu eta Industria Batzordea astelehen arratsaldean bildu zen. Bilkuran ibarreko erakundeko ordezkariez gain, Uharte, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Altsasuko udaletako ordezkariak zeuden. Baita LAB eta UGT sindikatuetakoak, Sakanako Enpresarien Elkartekoak, Nafarroako Enplegu Zerbitzukoak eta Cederna-Garalurrekoak ere. Sakanaren egungo egoera ekonomikoa nola ikusten duen azaldu zuen bildutako bakoitzak. Sakanako Mankomunitateko presidente Migel Angel Zubiriak esan digunez, "ikusi genuen egoera koiunturakoa baino estrukturakoa dela. Industria ehun zahartu eta berritu gabea dugu, enpresa txikiekin eta beste eskualdeekin alderatuta atzeratuta gaudela". Asteleheneko bilkuran ere agerian gelditu zen enpresek duten lan falta eta finantziazio falta ere. IkerketaMigel Angelek esan digunez, eragile politikoak "bat egin eta gauza batzuetan aurrera egiteko" premia ere nabarmendu zen. Gaineratuz, "autokritika egin beharra daukagu". Norabide berean aurrera egiteko adibide gisa Goierriko Goieki jarri zuen mankomunitateko buruak. Enplegu eta Industria Batzordeak asteleheneko bilkuran aipatu zirenen artean ikerketa bat egiteko aukera izan zen. Migel Angelek azaldu digunez "egungo egoera zein den eta aurrera begira zer egin daitekeen jasoko luke". Garilaren 20an eginen den bileran astelehenean agertutako gai guztietan sakondu eta ikerketarena gehiago zehaztuko omen da.