Oraindik ere azken arrastoak ikus daitezke Lakuntzan egunotan; izan ere inoiz egin den jaialdirik jendetsuena hartu baitu Sakanako paraje eder honek. Aurreko asteburuan Lakuntzan izan zen Hatortxu Rock-ak muga guztiak gainditu dituela azpimarratu dute antolatzaileek eta "Euskal presoekiko dagoen loturari, maitasunari eta elkartasunari" zor zaiola gehitu dute. Oraindik zenbaki eta zehaztapen guztiak ez dituzten arren "aurreikuspen guztiak gainditu ditu 10. Hatortxu berezi honek".
Hatortxu 10eko antolatzaile den Endika Alonsok aipatu bezala 9 hilabetetako asteburua izan omen da aurrekoa eta bide batez, banan bana eskertu nahi dute egunotan Hatortxu aurrera ateratzeko lan egin duten 2000 herritarrak, 60 musika taldeak eta ekitaldi ezberdinetan parte hartu duten pertsona guztiak. "Militantziak eta konpromisoak soilik egin dute posible egunotan ikusi duguna". Inoiz egin den auzolanik handiena izan dela begi bistakoa izan da. Segurtasunean, garbitasunean, zerbitzariak, sukaldariak, argazkilariak, irrati-telebista, e.a. luze bat.
Peto laranjak nonahi ikus zitezkeen eta kanpotik etorritako jendearen miresmena ikaragarria izan dela argitu dute antolatzaileek. Endika Alonsok jaialdiaren ondorengo egunetan adierazi bezala, zeuzkaten beldur guztiak uxatu dituzte. Alde batetik milaka pertsona hurbildu delako eta bestetik Lakuntza zaindu eta errespetatu dutelako. Orain, "lakuntzarrei bere betiko Lakuntza ahalik eta lasterren itzultzea da gure asmoa" argitu du Alonsok.
Salaketarako tartea
Dena den, balorazio positibo honen ondoan, halabeharrez salaketarako tartea hartu dute antolatzaileek. Lehenik, Guardia Zibilak eta polizia foralak Lakuntza inguruak hiru egunez okupatu izana salatu dute. Bestalde komunikabide nagusien jarrera, eta batez ere EITBrena salatu dute. "Euskal preso politikoekiko elkartasun erakustaldiari zentsura politikoarekin erantzun diote komunikabide nagusiek".
3 egunetako jende uholdea
Inoiz egin den Hatortxu Rock jaialdirik handienean ia 70 musika talde bildu ziren Lakuntzan barreiatuta zeuden 5 guneetan. Horien artean, Hesian, Gatillazo, The Sekta, Vendetta, Kaotiko, Egurre eta Tximeleta talde sakandarrak; zein baino zein arrakastatsuagoa. Zerrenda luze horretan izen handiko taldeek ez zuten hutsik egin nahi izan eta Doctor Deseo, RIP, Banda Basotti, Parabellum, Etsaiak, Piperrak, Berri Txarrak eta beste hamaika talde entzutetsu ikusteko parada izan zen Lakuntzan.
Igandean eman zitzaion amaiera lehen Hatortxu Egunarekin asteburu luze honi. Aurreko egunetako musika doinuek, umeentzako eta helduentzako ekitaldiei lekua utzi zieten eta guztiek primeran pasatzeko aukera izan zuten. Ordu baterako iragarrita zegoen ekitaldi politikoa denboran nahiko atzeratu bazen ere, marka guztiak hautsi zituen. Beriain guneko agertokia txiki geratu zen euskal presoen ia 750 argazkiak hartzeko.
Anje Duhaldek eta Irlandako iparraldeko Bic MacFarlenen Amnistiaren dema kantak bati baino gehiagori oilo ipurdia sorrarazi zion. Presoak herriratzeko eskatzen duen ikurraren mosaikoa eginez bukatu zen ekitaldia.
Lakuntzako Udalaren balorazioa
Herriko udal ordezkariek igandeko ekitaldian azaldu bezala, "Lakuntzako herriak ateak zabalik dauzka edozer gauzetarako eta oso eskertuta daude antolakuntzak egindako lanarekin. Bien artean sortu den lotura sekulakoa izan dela aipatu dute biek eta emaitzarekin oso harro azaldu dira. Endikak esan bezala, "nota altuarekin gainditu dugu". Lakuntzako zinegotzi den Oihane Uribe-Etxeberriak hurrengo egunean Beleixe iratiari egindako adierazpenetan "gorputza juxtu baina burua eta bihotza oso ongi eta oso pozik" dituela aitortu zuen. Oso esperientzia polita eta historikoa izan dela argitu dute. Bertaratu den jende guztiari eskerrak eman nahi dizkiote etortzeagatik eta Lakuntzarekin errespetuz jokatu dutelako.
Hatortxuren web gunean esaten zen moduan (anto)Lakuntza izeneko herri bat sortu zen aurreko asteburuan Sakanan.