Atzo zabaldu zen turismo bulegoa Etxarrin

Guaixe 2009ko ekainaren 26a

Aurten ere Etxarri Aranazko udaletxeko beheko solairuan turismo bulegoa dago. Atzo zabaldu zituen ateak Sakanako Mankomunitatearen zerbitzu horrek eta, iaz bezala, hara hurbiltzen diren bisitariei Sakanako eta inguruetako turismo-baliabide, azpiegitura eta gertakarien berri emanen zaie. Kitz Mendiola Barandalla arduratuko da horretaz. Sakanako Mankomunitateak aurrerago Altsasun bigarren turismo bulego bat zabaltzeko asmoa du. Jakina denez, mankomunitateak Mitshubisi etxeko 279 modeloko 60. hamarkadako lokomotora erosi du, hura egokitu eta han turismo bulegoa jartzeko. Lokomotora gaur egun Sunsundeguin ari dira prestatzen. Baina langileek iragarri duten grebak egokitze lanak atzeratzea ekar dezake.   Iaz hirugarren turismo bulego bat Irurtzunen zabaldu zuen mankomunitateak. Arakilgo udaletxean kokatu zen turismo bulegoak bisitari gutxi hartu zituen. Arduradunak konturatu ziren Lekunberri, Etxarri Aranatz edo Altsasuren aldean Irurtzunen turistak ez direla hainbeste gelditzen. Horregatik aurten bi bulego besterik ez dira zabalduko. OrdutegiaAsteartetik larunbatera 10:00etatik 15:00etara egonen da bulegoa zabalik. Igandeetan, 14:00etaraino eta astelehenetan itxita izanen da. Irailaren 15era arte izanen ditu ateak zabalik bulegoak. Mankomunitateak Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du bulegoak zabaltzeko. Bestalde, Web orriko eta gidako edukiak berritu dituzte eta Sakanaz gain Aralar eta Andia-Urbasa mendiak  hartzen dituen mapa bat argitaratu dute.