Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko eta Altsasuko Bilgune Feministako kideek udako festetan eraso sexisten kontrako kanpaina eginen dute. Eraso sexistarik ez! Emakumeok autodefentsa! leloa du kanpainak eta ohiko bitartekoez gain, kanpainak txilibitua izanen du protagonista. Bilgune Feministako kideek azaldu digutenez, "txilibitua entzutean emakumeren bat arriskuan dagoela jakingo dugu". Gaur, 19:00etatik aurrera, Arbizun txilibituak erosteko aukera izanen da. Bilgune Feministatik festetan emakumeek jasaten dituzten hainbat egoerekin (ipurdi ukitzeak, ezezkoak ez onartzea, gainean egotea, bortxaketak...) kritiko azaldu dira. Feministek diotenez, "horrela, gu askatasunez ibili beharrean, erasotzaileak dira zigorgabetasunean ibiltzen direnak. Konplize ugari dituzte gainera". Horren guztiaren aurrean Bilgune Feministak "autodefentsa feminista" aldarrikatu du, hau da, "erasoekin amaitzeko jokabide, jarrera eta tresnak martxan jartzea". Tresnetako bat txilibitua litzateke. Azkenik, "emakumeen elkartasunarekin eta herritar guztien erantzukizunarekin erasotzaileak eta haien konplizeak jai guneetatik kanporatzeko" nahia azaldu du.