San Pedrozelai altsasuarren zain

Guaixe 2009ko ekainaren 29a

Gaurkoa altsasuarren egun handia da. Asteburuan guztia prestatzen emanen dute, gaur festa egun ederraz gozatu ahal izateko. Altsasuko Udaleko Kultura Sailak, San Pedro eguna girotzeko, festa egunaren aurretik bi kontzertu iragarri zituen. Ostiral gauean, Vendetta taldearen doinu beroekin gozatzeko aukera izan zuten altsasuarrek eta, atzokoan, Burundar Txistulariekin dantzaldia izan plazan. San PedroGaur, 10:00etan, udalbatza, txistulariekin batera, San Pedro zelairantz abiatuko da. Ordu bat beranduago ermitan meza izanen da. Zelaian familiek eta lagun taldeek haien gosari, bazkari eta merenduetarako suak prestatu eta mahaiak jarriko dituzte. Erakundeen tabernek eta udalaren barrak edariak eskainiko dituzte eta hainbat produktu salgai izanen dira. Zortzikoa ez da faltako jakina. Arratsaldean, 20:00etatik 22:00etara, eta gauean, 23:00etatik 2:00etara, Alaiki taldearekin dantzaldia izanen da, Foruen plazan. Oharrak·  San Pedroko zelaiko sarbidea seinaleztatua egonen da.·  Debekatua dago aparkatzea errepidearen ertzetan, Basamuturretik hasi eta Urdiaindik heldu den errepidearen bidegurutzeraino.·  Zelaiko sarbidea itxita egongo da 10:30etatik aurrera.·  Toki hauetan aparkatu ahal izango da: Udal igerilekuak eta Futbol zelaia·  Zelaira Urdiaindik joan daiteke, atera, berriz, Altsasutik.