Sakanako arte erromanikoa ezagutzen

Guaixe 2009ko uztailaren 1a

Joan zen asteburuan Sakanan izan ziren Erromanikoaren lagunak. Estilo artistiko honekiko interesak bilduta, 2004an sortu zuten elkarte hau 5 lagunek. Gaur egun 50 bat kide ditu Nafarroan. Elkarteak Nafarroako arte erromanikoa ezagutzeko bisita gidatuak antolatzen ditu maiz. Helburu horrekin etorri ziren Sakanara joan zen asteburuan. Jesus Portillas gidari zutela, Egiarretako Itsasperri baselizan eman zioten hasiera bidaiari. Ondoren, Zamartze eta Aralarko San Migel bisitatu zituzten. Amaitzeko, Iturmendirako bidea hartu zuten: Garai batean Aizaga herria hartzen zuen ingurua bisitatu zuten, baita Iturmendin dagoen herri horretako bataiarria ere. Sakanako ondarearen historia, balio artistiko eta kulturala ezagutzeko aukera paregabea izan zuten. Elkarteko Eduardo Baionak San Migel eta Zamartze azpimarratu ditu, "lehenengoa bere balio kulturalarengatik, eta bigarrena, bere balio historikoagatik eta bertako irudien balio artistikoagatik". Datu historiko eta artistikoetan janzteaz gain, eraikin erromanikoen zenbait ezaugarri zuzenean bizitzeko aukera izan zuten: elizen goxotasuna eta argi eta sonoritate berezia, esaterako.