Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Argazkilaritzak eta mendizaletasunak bat eginen dute igandean Urdiainen, Mendiko Argazki Digitalen 2. Rallyan. Urdiaingo Udalak eta Altsasuko Mendigoizaleak elkarteak antolatu dute argazki rallyaren 2. edizioa. Iaz protagonista Urbasa izan bazen, aurten Urdiaingo parajeek hartu dute txanda. Argazkilariek herriko txokoak eta Sarabe eta San Pedro inguruko paisaia ederrak izanen dituzte helburu. Goizeko 8:00etatik 10:00etara bilduko dira parte-hartzaileak Urdiaingo udaletxean eta 5 ordu izanen dituzte argazkiak ateratzeko. Interesatuek rallyan izena eman dezakete www.altsasukomendigoizaleak.com web orrian edo uztailaren 5ean bertan udaletxean, beti ere 50 parte-hartzaileren muga gainditzen ez den bitartean. Parte hartzaile bakoitzak 12 euroko kuota ordainduko du. OinarriakNornahik parte hartu dezake lehiaketan. Hori bai, adingabeak gurasoekin batera joanen dira edota horien baimen idatzia aurkeztu beharko dute izena ematean. Kamera digital guztiak onartuko dira, baina beti ere, parte-hartzaile bakoitzak bakarra eramanen du. Irudiak JPG formatuan aurkeztuko dira, kalitate nagusian. Rallyaren hasieran hutsik egonen dira kamerak. 50 argazki egin daitezke gehienez ere, bakar bat ere ezabatu gabe. Horien arteko aukeraketa egin, eta 6 aurkeztuko ditu parte-hartzaile bakoitzak, gai bakoitzeko 2: Urdiaingo, San Pedroko eta Sarabeko bina. Rallyari hasiera eta itxiera eman dioten argazkiak antolatzaileek aukeratuko dituzte. Antolatzaileek San Pedro inguruan jasoko dituzte argazkiak 13:00etatik 15:00etara. Deskargak egiteko behar diren kableak eramanen dituzte parte-hartzaileek. Antolatzaileek erakusketa bat eginen dute Urdiainen rallyan egindako argazkiekin. CD edo DVD batean ere bilduko ditu parte-hartzaile guztiei emateko. Hori gutxi ez eta, gainera, sari bereziak egonen dira lehenengo hiruendako. Epaimahaiak uztailaren 17an emanen du ezagutzera saridunen zerrenda.