Mintzakideren bigarren ikasturte "positiboa"

Guaixe 2009ko ekainaren 29a

Sakanako Mintzakide programak ikasturtearekin batera ateak itxi ditu. Balorazio garaia da eta programako dinamizatzaile Nerea Yabarrek Beleixe Irratian esan duenez, "balorazio oso positiboa egin dugu".  Euskaraz hitz egiten askatu edo trebatu nahi dutenak euskaraz dakien batekin biltzen ditu Mintzakidek. Nereak azaldu duenez, "jendeak hartu beharreko konpromiso bakarra astean behin biltzea eta ordu bat euskaraz hitz egitea da". Ikasturtean zehar modu iraunkorrean Mintzakide programak bildu dituenak 32 sakandar izan dira. 7 talde sortu dira ibarrean, gainera euskararen erabilera oso handia ez den herrietan: Irurtzunen (3), Lakuntzan (1) eta Altsasun (3). Talde bakoitzak bere dinamika propioa izan du. Gehien bat, kafea edo pote bat hartzera gelditu izan dira mintzakideak. ProfilaParte-hartzaile gehienek 30 eta 50 urte artean dituzte eta badira 50etik gorakoak ere. Gazteak dira programarekin bat egin ez dutenak. Hizkuntzaren ezagutza mailari dagokionez, 21 euskaldun-berri 11 euskaldun osorekin bildu dira. Azken horiek, gainera, dinamizatzailearekin nolabaiteko lotura izan dute eta hala jakin ahal izan dute programan parte hartzen dutenek "balorazio ona" egiten dutela. Nereak Beleixe Irratian aitortu du egitasmo berria izanik "jendea poliki-poliki ezagutzen joan dela eta gehiago dira informazio eske datozenak". Heldu den urtera begira, parte hartzaileek hala eskatu dutelako, "taldeak elkar ezagutzeko jarduerak egitea" aztertzen ari dira, besteak beste. Bitartean, ibarreko mintzakide programaren berri izan nahi duenak http://sakanamintza.blogspot.com bloga bisita dezake. SustatzaileakSakanako Mankomunitateak, AEK-k, Bierrik Fundazioak, Irurtzungo Aizpea Euskara Taldeak, Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoak eta Altsasuko Kima Euskara Taldeak sustatu dute Mintzakide ibarrean.