Tutoretza indibidualizatuko programaren deialdia egin du

Guaixe 2009ko ekainaren 29a

Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak, Cederna Garalur-ekin lankidetzan, proiektua martxan jarri du. Haren helburua da Nafarroako mendialdean dauden enpresei tutoretza indibidualizatuko zerbitzuaren laguntza ematea, batez ere enpresaren kudeaketan funtsezkoak diren alderdiei buruzkoa. Egitasmoa Nafarroako Mendialdeko Landa Garapenerako Programak finantzatzen du. Proiektu honen bidez enpresa onuradunen lehiakortasuna hobetu nahi da, enpresaburuak enpresa-kultura eta sorkuntzaz sentiberatu eta enpresa-kudeaketari buruzko ezagupen orokorrak indartu. Enpresa eraginkortasunez kudeatzen laguntzeko erreminta erabilgarriak eskaintzea eta enpresa-berrikuntza sustatzea ere programa honen helburuak dira. Beti ere, enpresariek beraiek erabakiko dute zein diren haien lehentasunak. Bukaeran txosten bat eskuratuko du enpresariak. Han tutoretzako eduki guztiak eta proposatutako neurriak garatzeko planaren xehetasunak jasoko dira. BaldintzakNafarroako Ganberaren programa enpresa bakoitzean tutoretza indibidualizatuko hamar saioren bidez gauzatuko da. Haietan Ganberako teknikari espezializatuak izanen dira. Egitasmoan sartzeko baldintzak dira: enpresak gutxienez ere 15 langile izatea eta bi urte baino gehiago lanean aritu izatea. Programan parte hartzeko 116 euro ordaindu behar dira. Interesatuek 948101504 telefonora hots egin (Irene Gastaminza) edo igastaminza@cederna.es helbidera mezua bidal dezakete.