Beroizen kontra aritu beharko da Ongay

Guaixe 2009ko ekainaren 29a

Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuak Sanferminetako Nafarroako lau t´erdiko final zortzirenak hartu zituen atzo. Lehenengo partidan Alberto Ongay satrustegiarrak Olazabal izan zuen arerio. Bi pilotariak bikain aritu ziren, erritmo oso bizian jokatuz, baina Ongayk Olazabalek baino hobe moldatzen jakin izan zuen, eta 19-22 nagusitu zen satrustegiarra, final laurdenetarako sailkatuz. Ongayk sakez 6 tanto egin zituen eta Olazabalek hiru, eta partida hasieran izan ezik, satrustegiarra beti aurrean izan zen. Bigarren lehia ere oso gogorra izan zen. Aitor Zubieta atzelari etxarriarra eta duela 9 hilabete Asperekin debutatu zuen Mikel Beroiz atzelari uharte iruindarra aritu ziren lehian. Beroizek primerako denboraldia darama, bigarren mailako buruz burukoa irabazteaz gain azkenaldian Irujoren bikotea izan baita, primerako maila emanez. Eta hain zuzen ere maila bikaina eman zuen atzoko lehian, Aitor Zubieta etxarriarrari 16-22 irabazi baitzion. Egia esan bi pilotariek akats asko egin zituzten jokoan izan zuten partida gogorrean, baina kalitate handiko jokaldiak ikusteko aukera ere eskaini zuten. Azkenean Beroizek bidean utzi zuen Zubieta. Sanferminetako Nafarroako lau t´erdiko Asperen adarreko final laurdenetan, hortaz, Alberto Ongay satrustegiarra eta Mikel Beroiz ariko dira. Partida ostiralean jokatuko da Oteizan, eta aurrera egiten duenak Juan Martinez de Irujo izanen du zain igandean, uztailaren 5ean, Zarautzen. Faboritoa Beroiz da, baina ea Ongayk sorpresa eman eta partida irabazten duen.