Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu dira Santoñan. Atzo errepide proba jokatu zuten profesionalek, 196 kilometrokoa, La Hayuela eta El Soplao igoerekin, eta sekulako sorpresa emanez Liberty taldeko Ruben Plaza nagusitu zen, Paredes taldeko Zaballa, Euskalteleko Mikel Astarloza eta lasterketa irabazteko faborito nagusia zen Alejandro Valverderen aurretik sailkatuz. Euskaltel-Euskadi taldeko Gorka Verdugo eta Egoi Martinez etxarriarrak ere lehian aritu ziren. Verdugo 22.a izan zen, 1:21era eta Egoi Martinez 81.a, 6:55era. Aipatzekoa da Egoi Martinezek etapako lehen erasoaldi serioan parte hartu zuela, beste 20 txirrindularirekin batera. Hiru minutuko aldea atera zioten tropelari baina Caisse d´Epargnek erritmoa bizkortu eta tropelak ihes egindakoak irentsi zituen. Bestalde, helmugarako 26 kilometroren faltan Gorka Verdugok erasoa jo zuen eta bakarrik izan zen aurrean tarte batean, atzera ere Caisse d´Epargnek taldea lanean jarri zen etxarriarra harrapatu arte. Etapa guztia kontrolatuta eta sekulako lana egin eta gero garaipenak ihes egin zion Caisseri. 23 urtez azpikoan Zabalo hemezortzigarrenaAtzo profesionalak aritu baziren, larunbatean 23 urtez azpikoen errepide proba egon zen jokoan, Ampuero eta Santander artean, 133 kilometrokoa. Aurten Valenciaga Memoriala irabazi zuen Gaztela Manchako Pedro Merino izan zen probako garailea (3:05:56), berarekin batera ihes egin zuten beste bost txirrindularien aurretik gailenduz. Euskadiko selekzioko Rural Kutxa talde sakandarreko Garikoitz Bravo seigarrena izan zen, 5 segundora, eta talde bereko Julen Gonzalez 12.a, 55 segundora. Nafarroako selekzioan dabilen Naturgas taldeko Xabier Zabalo olaztiarra 18.a izan zen, 55 segundora, lasterketako lehen nafarra.