Gizarte Zerbitzuak, Sakanako Mankomunitateko helburu berria

Guaixe 2009ko uztailaren 1a

Ibarrean dauden Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak batzeko batzorde bat sortu eta lanean hasi da. Udazkenean udalek prozesuarekin aurrera jarraitu edo ez erabaki beharko duteSakanako Mankomunitateak asteartean egin zuen batzarrean erabaki zuen bere estatutuetan aldaketa bat egitea. Aho batez onartutakoaren arabera, aurrerantzean ibarreko erakundearen estatutuetan jasoa geldituko da kudeatu ditzakeen zerbitzuen artean gizarte zerbitzuena ere egon litekeela. Erabakia indarrean jartzeko tramitazio luzea egin beharko du orain. Migel Angel Zubiriak argitu nahi izan zuen estatutu aldaketa hori "inoiz zerbitzu hori ematea erabakitzen bada, babes edo oinarri gehiago izateko estatutuetan jasoa egotea komenigarritzat jo dugu". Aldi berean, mankomunitateko buruak argitu nahi izan zuen erabaki horrekin "ez dugu ezer inposatu nahi. Bat egiten duten udalek eta oinarrizko gizarte zerbitzuetako mankomunitateek erabaki behar dute". IritziakHasiera batean, astearteko bileran, estatutuetako aldaketa proposamena eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako 3 Mankomunitateak ibarrean sartzeko eta batzeko proiektua ere aztertu behar zen. Baina hori mankomunitateko presidenteak berak baztertu zuen. Gainera, PSNko ordezkari Mariano Garciak Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren zuzendaritzaren erabakia betez, puntua erretiratzeko eskatu zuen.Hala egin zen, baina mankomunitateko kideak iritziak ere eman zituzten. Irurtzungo NaBaiko alkate Txiki Iriartek esan zuen 3 mankomunitateen bat egitea "helburu politiko eta soziala" zela. Gaia batzordean landuta "azkarrago" joanen dela esan zuen. Hala ere, batzordeko lanak "adostasunarekin bukatzeko" nahia azaldu zuen, "onuradunak sakandarrak garelako". Altsasuko zinegotzi ekintzaile Juanjo Goikoetxeak "kezka" azaldu zuen "iaz plan estrategikoa onartu zenean, bat egitearen gaia zegoela planteatzen zen eta hemen ez zen inongo arazorik jarri horretarako". Gaia bideratzeko "lan taldea sortzearekin mankomunitateak asmatu" zuela esan zuen. Horrekin batera, Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuarekin azaldu zuen kezka handiena, "ez baita inongo seriotasunik egon". Bai ekintzaileak bai NaBaikoak ere batzordean, langileen eta teknikarien adostasuna lortzen bada bateratzearen alde eginen zutela aurreratu zuten.Batzordea laneanBatzordea sortu aurretik Sakanako Mankomunitateko lehendakaria eta gerentea eragile guztiekin banaka bildu zen. Sakanako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen 3 Mankomunitateak ibarreko erakundean sartu eta batzeko egitasmoa lantzeko batzorde bat sortzea erabaki zuten eta dagoeneko lanean ari da. Han bildurik daude mankomunitateko teknikari bana, langileen ordezkariak, 3 mankomunitateetako buruak, Sakanako Mankomunitateko bi kide. Asteartean Mariano Garcia sozialistak ere batzordean sartzeko nahia azaldu zuen.  Lan batzorde horren lehen egitekoa da 3 mankomunitateen errealitatea zein den jasotzea. Hau da, zein programa garatzen diren, zenbat langile dauden, zein aurrekontu duten eta beste. Garilaren 15erako egina egotea espero da. Hori oinarri hartuta, Sakanako Mankomunitatean sartuz gero zein programa eskaini, nola, programak berdintzeko bideak eta beste zehaztu beharko dituzte batzordean. Iraila hasierarako lan horiek despeditzea da asmoa. Sakanako Mankomunitateak hasiera batean heldu den urte hasierarako bat-egitea egina egotea nahi zuen. Baina astearteko bileran argi geratu zen data hori ez dela finkoa eta atzeratu ahalko dela. Hala ere, udalek eta 3 mankomunitateek udazkenean  prozesuarekin aurrera egiten duten aztertu beharko dute.