Urbasa-Andian ipar eskia bulkatzeko ekimena abian

Guaixe 2009ko uztailaren 1a

Uda bete-betean gaude eta igerilekuetan, mendian eta oporretan dugu burua, baina neguko kirol eta aisialdiari begira badagoenik ere bada. Horrela, Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Ipar Eskiko Sailak proposamena luzatu die mendi eta txango klubei eta baita ipar eski zaletasuna duten guztiei: Urbasa-Andian ipar eskia sustatzea. Altsasuko klubak dioenez, azken urte hauetan ipar eskia sustatzeko hainbat saio egin izan dira, Aralarren batik bat, baina saio horiek zenbait ibilbide markatzera eta balizatzera mugatu direla gaineratzen dute, eta ibilbide horietan jende asko ibiltzen denez elurra zapatuta eta putzuz beteta egoten dela. "Gainera, oso toki aldapatsuak direnez, izotza dagoenean arriskutsuak dira eskiatzeko edota oinez ibiltzeko" dio Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Ipar Eskiko Sailak bidalitako gutunak. Bideragarritasuna aztertuHorregatik uste dute Urbasa eta Andiako orografia oso egokia dela eskiatzeko. Baina bertan Aralarren baino elur gutxiago egiten duenez, "horrek kostuak murriztera behartzen gaituela". Hala ere euren ustez merezi du proiektua bideragarria ote den aztertzea. Ipar eski sailekoak azaltzen dutenez, Urbasan eskiatzeko baldintzarik onenak musherrak bertan izaten direnean ematen dira, Otxaportilloko gurutzetik Bardoitzara bitartean elur motorrarekin hainbat pasaldi egiten baitituzte, txakurrentzat eta lerentzat elurra modu egokian prestatuz. Horregatik halako zerbait planteatzen dute, "inbertsio txikia eta gutxieneko mantenua eskatzen duena". Mendigoizaleak klubekoek diotenez ipar eskiak zaletu asko ditu bai Sakanan eta Goierrin, eta proiektuak harrera ona izan dezake Iruñean, Arabako Lautadan edota Ameskoetan zaletasun bera dutenen artean.  Proposamena: taldea sortu eta ikerketa eginHorrela, ipar eski zaletasuna duten beste klub eta pertsona partikular batzuei irekita egongo litzatekeen talde bat sortu nahi dute, Urbasan eta Andian ipar eskia praktikatzeko helburuarekin. Xedea gaiaren inguruko hasierako ikerketa bulkatzea da, Urbasa-Andian eski nordikoa praktikatzeko baldintzak aztertzeko eta hobetzeko. Ezinbestekoa jotzen dute jarduerak kalterik ez eragitea, eta hori dela eta errepidea eta/edo baso-pistak besterik ez lirateke erabiliko eskiatzeko. Irabazi asmorik gabeko jarduera litzateke, jende guztiari irekia eta dohainik. Altsasuko Mendigoizaleen taldeko Ipar Eski Sailak dio ikerketaren emaitzak lehenik eta behin Sakanako Mankomunitako Kirol Zerbitzuak aurkeztuko dituztela, bertako teknikariek ezagutu, aztertu eta ekarpenak egin ditzaten. "Halaber, proiektuaren finantziazioarekin laguntzeko eskatuko diegu" gaineratzen dute. Sortuko litzatekeen taldearen lanak edo helburuak, besteak beste, ondokoak lirateke: lehenik, klubek edota pertsona interesatuek planteatzen dituzten ekimenak prestatu, haien jarraipena egin eta haien berri ematea; bigarrenik, beste talde edota pertsonen laguntza eta finantzatzeko laguntzak eta formulak bilatzea; azkenik, eremuan eskumena duten erakundeek - Mankomunitatea, Ingurumen Departamentua, Diputazioa eta abar - egiten dituzten proposamenak ezagutarazi eta baloratzea, "ekimenak mendia zaindu eta errespeta dezaten". Ekimena abiarazteko uztailaren 17an, ostiralarekin, bilera deitu dute Altsasuko Mendigoizaleen egoitzan, 20:30ean. Gaiarekin interesa duten klubei eta partikularrei egin diete gonbita. Ahal izanez gero aldez aurretik konfirmatzea eskatzen da, 648 07 07 30 telefonoan edo ipareski@altsasukomendigoizaleak.com posta elektronikoan, harremanetan jartzeko kontaktuak emanez.