Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean egindako bilkuran Sakanako Mankomunitateak aho batez onartu zuen Euskarabideari diru-laguntza duina eskatzea, "dagoen hitzarmena garatzeko ezinbestekoa baita". Jakina denez, Euskara Zerbitzua duten hainbat udal eta mankomunitatek lankidetza hitzarmena dute sinatuta Nafarroako Gobernuarekin. Haren bidez toki entitateen esparruan euskararen erabilera normalizatu nahi da. Hitzarmenaren jarraipen batzordea garagarzaroan bildu zen eta toki entitateek Euskarabideak aurkeztutako aurrekontua ez onartzea erabaki zuten. Aurtengorako Euskarabideak 297.000 euro aurreikusi ditu. Toki entitateak kexu dira 10 urtetan diru-laguntzaren zenbatekoa erdira jaitsi delako. Beste erabaki batzukMankomunitateak, bestalde, 6.500 euro eman dizkio Sakanako Ezgaituen Elkarteari Altsasuko Udan Euskaraz kanpainan haien senideak parte hartu ahal izateko. Diru horrekin hezitzaileak kontratatuko ditu elkarteak. Kirol Zerbitzuaren bidez izan dira harremanak. Dirudienez, heldu den urtera begira mankomunitateak elkarteari proposatu dio berak antolatzeko aisialdi ekintza. Sakanako Mankomunitateak ibarreko txirrindula ibilbidearen egitasmoa eginen du aurten. Nafarroako txirrindularen planaren barruan kokatutako jarduera horretarako 17.400 euro bideratuko ditu mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak %60 inguruko diru-laguntza emanen du. Bestalde, mankomunitatearen www.turismosakana.com web moldaketak eta katalanezko bertsioa egiteko 4.164 euro bideratuko ditu mankomunitateak. Josefina Arregi zentroa kudeatzen duen Arfe Fundazioaren eskaera onartu du Sakanako Mankomunitateak. Hala, mankomunitateko lehendakaria fundazioko patronatuko kide izanen da. Sakanan ospatzen diren ganadu feriak eta Artzain Eguna eskualde mailako interesekoak izendatzea erabaki zen. Hala, egun horietan ematen den sarietako bat Sakanako Mankomunitateak emanen du.