Goierri eta Sakanaren senidetze festa hilaren 12an

Guaixe 2009ko uztailaren 3a

Atzokoan Goierri eta Sakanaren harremanak estutzeko hilaren 12an, igandearekin, Aralarko santutegiaren inguruan eginen den ospakizuna aurkeztu zuten. Zegaman egindako aurkezpenean hainbat udal ordezkari izan ziren: Bittor Oroz Ataungo alkatea, Patxi Plazaola Beasaingo alkatea, Migel Angel Zubiria Urdiaingo alkatea, Inazio Garmendia Gaintzako alkatea, Edurne Albizu Zegamako alkatea, Ioritz Imaz Idiazabalgo alkatea, Jose Ramon Agirre Zegamako zinegotzia, Maider Goñi Etxarri Aranatzeko alkatea eta Jose Miel Santamaria Ordiziako alkatea.Atzoko agerraldian Sakanako Mankomunitateko presidente Migel Angel Zubiria izan zen. Hark azaldu digunez ospakizunaren ideia martxo bukaeran egin ziren turismo jardunaldietan sortu zen. "Goitur, Goierriko Turismo Agentziako kide bat etorri zen. Turismoaren gaia lantzen ari ginenez, guk ere hara bisita batzuk egin ditugu. Aurretik ere elkar ezagutzen genuen. Harreman horretatik sortu da 12ko festa". Mankomunitateko buruak esan digunez, festaren azken helburua "Aralar mendiaren bi aldeetako ibarren arteko erlazioak estutzea litzateke. Aldamenak izan arren urrun egon garela dirudi eta hurbiltzeko asmoarekin antolatu dugu". Zubiriak gaineratu digunez, "bi eskualdeek elkarrekin asko dugu: mendiko ibilbideak, euskara, turismo mota bera... elkarrekin ere bidea egiteko aukera dago". Eta gaineratu du "Goierrik eta Sakanak elkarrengandik ikasteko asko daukagu". Zubiriak, azkenik, esan digunez, "senidetze festan ekitalditxoren bat izanen da eta jan-edana ez da faltako". Mankomunitateko buruak gaineratu duenez, "festa urtetik urtera errepikatzeko asmoa dago. Hurrengo urteetan Aralar mendia inguratzen duten beste eskualde batzuk batzeko aukera dago". Horrela Tolosaldea, Araitz eta Larraun aipatu nahi izan du lehendakariak.