Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Txikiak izanik handiak direnak edo, bestela esanda, txikiaren handitasuna aldarrikatu nahi Nafarroa Oinezek aurten bere leloarekin. Horrekin batera Europan hizkuntza gutxituak dituzten hainbat herrialdetan mezu hori ere zabaldu nahi du Nafarroako ikastolen festak aurten. Hori dela eta, aste honetan Andra Mari ikastolako Josune Arrazubi eta Manu Gomez Bretainian daude. Aragoi, Katalunia edo Okzitania bisitatu dutenean bezala, oraingoan ere Nafarroa Oinezeko kideek hezkuntza arloko ordezkari eta hezkuntzari loturiko hainbat talderekin topaketak izanen dituzte eta Bretainiako prentsaren aurrean ere Nafarroa Oinezen berri emanen dute, Txikiak handi leloa eta aldarrikapena zabalduz. AgendaKontaktuz eta egitekoz betetako agendarekin joan dira Andra Mari ikastolako bi kideak Bretainiara. Astelehenean herrialdearen hegoaldean dagoen Pais de Kemperleko Diwan edo bretoierazko ikastolara bisita egin zuten. Asteartean lehen eta bigarren hezkuntza lantzen duten Diwan bat bisitatu zuten. Ikastetxe horietako ordezkariekin herenegun prentsaren aurrean agertu ziren eta egun berean bretoieraz aritzen den irrati bat bisitatu zuten. Atzo, berriz, Pais de Tregoren Bretoien Diwanen presidente ohiarekin elkartu ziren bi etxarriarrak. Gizon hori estatu frantzeseko hizkuntz gutxituetako inmertsio linguistikoa lantzen duten ikastolen elkarguneko presidentea da gaur egun. Horretaz gain, aste honetan ere Nafarroa Oinezko kideak Bretoiera eta Bretainiako kulturaren sustapenean diharduten mugimenduko eragileekin batzartu dira.