Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ikasle Abertzaleek (IA) antolatutako Eskola Ibiltaria atzo abiatu zen Lizarratik eta bihar bukatuko da Arbizun. 50 bat ibiltari ari dira eskolan parte hartzen. Jarduera horren bidez ikasle sindikatuak "Euskal Eskola Nazionalaren proiektua praktikan jarri" nahi du, "ikasleoi kurtsoan zehar irakasten ez digutena ikasteko". Eskola Ibiltariaren 10. edizioa da aurtengoa. Guztietan ere 3 egunez Euskal Herriko eskualde bat ikasteko aukera izaten da, bertako bitxikeriak, bizimoduak, arazoak eta historia ikasteko asmoarekin. IAren asmoa da "klaseko lau paretetatik atera eta laguntasunean eta berdintasunean oinarritutako hezkuntza jasotzea". Aldi berean, "kurtsoan zehar aldarrikatzen duguna errealitate bihurtzeko". Eskola Ibiltariaren aurtengo ardatza lurraren ustiapena da. Hark ingurugiroan daukan eragina, gazteongan eta lurralde antolamenduarekin lotuta herri txikietan izaten ari den eragina eta ikuspegi sozio-ekonomikotik daukan eragina aztertuko dituzte ibiltariek. Horrekin batera, primeran pasatzeko jarduerak ere izanen dira. EgitarauaParte-hartzaileek herenegun Lizarra eta Aranatze arteko bidea egin zuten. Gaurkoan Aranatze eta Santa Marina ermitaren arteko ibilbidea eginen dute. Bidean geldialdiak eginen dituzte historia ikasteaz gain mendiaren fauna eta floraren berri jasotzeko. Bihar Santa Marina eta Arbizu arteko bidean ibiliko dira Eskola Ibiltariko kideak. Bakaikun, subiranotasun ekonomikoari buruzko ikasgaia jasoko dute. Horrekin batera, Europako ikasle foroa eta nazioarteko borrokei buruzko hitzaldi erakusketa izanen dira. 16:00etan Arbizurako bidea hartuko dute martxistek. Hara iritsi eta dutxa hartu ondoren, 19:00etan kalejira eginen dute. 20:00etan ekitaldia aurreikusia dago. Afaltzera bilduko dira eta Argi Bidean, 23:00etatik aurrera kontzertuak izanen dira.