Liburu dendak beherapenetan

Guaixe 2009ko uztailaren 6a

Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainarekin bat egiten dutenek % 25 eta % 50 arteko deskontu txartela hartuko dute Joan zen astean hasi ziren udako beherapenak. Sakanako zenbait liburu dendatan ordea, datetan aurreratu, eta apirilaz geroztik indarrean dituzte deskontu paregabeak. Irurtzungo Euskara Taldea eta Pikuxar Euskal Txokoa eta Altsasuko Kima euskara taldea dira horren erantzule. Topagunea Euskara Elkarteen Federazioarekin eta Irurtzungo eta Altsasuko udal liburutegiarekin eta Martxueta, Elustondo eta Urteaga liburu dendekin elkarlanean, Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainaren hirugarren edizioa ekarri dute Sakanara. Sakandarren artean euskarazko liburuen irakur zaletasuna sustatzeko helburua du kanpaina honek. Hiru pausu ematera animatzen dituzte irurtzundar eta altsasuarrak: Udal liburutegira joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea da lehen pausua. Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa bat bete behar da. Hori betetakoan, liburuzainak % 25eko deskontu txartela emanen dizu, Irurtzungo Martxueta edo Elustondo edo Altsasuko Urteaga liburu dendetan erabiltzeko. Aizpea, Pikuxar edo Kimako kideek % 50eko deskontua izanen dute. Deskontu horiek gutxi ez eta, gainera, Irakurri, Gozatu eta Oparitu kanpainaz baliatu diren irakurleen artean zozketak eginen dituzte Irurtzunen eta Altsasun. Irurtzunen banatu dute dagoeneko lehen oparia: Kukuxumusuren motxila ederra. Kima euskara taldeak Nafarroa Oinezek argitaratutako Beriainen itzalean liburua zozketatuko du hilaren amaieran. Lagun ikusezinaLiburuaren egunean abiatu zen kanpaina eta indarrean egonen da uztailaren 24ra arte. Kanpainaren azken txanpan, honek ematen dituen aukerak baliatuta, lagun artean nahiz familian lagun ikusezinera jolastu eta elkarri liburua oparitzera animatzen gaituzte talde euskaltzaleek. Opor garaia irakur zaletasunaz gozatzeko une egokia da guztiondako.