Zinemagile sakandarren egitasmoak abian

Guaixe 2009ko uztailaren 9a

Nafarroako Gobernuak berriki banatu ditu sorkuntza zinematografikorako 2009ko laguntzak. 230.000 eurorekin lagundu ditu film luzeen sorkuntza. Horietatik 135.430 euro Imanol Rayoren Bi anai filmarendako izan dira. Zenbait film labur egin ondoren, hau izanen da arbizuarraren lehen film luzea. Bere opera priman, Bernardo Atxagaren izen bereko nobela hartu du oinarri arbizuarrak. "Gertutik jarraitu ditut Atxagaren liburuak. Nire estiloarekin bat dator" adierazi zuen Arbizuko zuzendariak. Liburuan bezala, Paulo eta Daniel dira filmeko protagonistak, 50 eta 60ko hamarkadan landa eremuan bizi diren bi anaia. Duela bi urte hasi zen gidoiaren moldaketekin. Guztia aurreikusi bezala badoa, aurki hasiko dira filmaketa lanak. Arbizuarrak Orio Produkzioak etxea du atzean. Imanol Rayorekin batera, Sara Mazkiaran izan da Nafarroako Gobernuak diruz lagundu dutenetako bat. Ikus-entzunezkoen sorkuntzarako laguntza jaso du altsasuarrak. Zuzendaritza-laguntzaile ezaguna da Sara Mazkiaran eta zenbait film labur ere egin ditu. Orain La recolectora de lágrimas du eskuartean, bizitzeko negar egitea behar duen emakumearen historia. 9.999,60 euroko laguntza jasoko du altsasuarrak.